Batera deialdia itzuli da, gazteeen euskarazko sorkuntza bultzatzeko

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 26a

Julene Gatzagaetxebarriak eta Sara Oregik irabazi zuten azkeneko Batera. Argazkia: IAK

Apirilaren 26ra arte aurkeztutako proposamen guztien artean, bi proiektu hautatuko dituzte.

Lazarraga kultur elkarteak, Gauekoak programarekin elkarlanean, Batera kultur proiektuentzako deialdi berria jarri du martxan Izaskun Arrue Kulturgunean. Egitasmo honen helburua Arabako gazteek euskaraz sortutako kultura proiektuak bultzatzea eta sorkuntza euskaldunari bultzada ematea da, lurraldeko talentu berriei bidea erraztuz.

Deialdia 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute. Proposamenak edozein diziplina edo formatutakoak izan daitezke: liburuak, podcastak, jaialdiak, bideo-jokoak edota sare sozialetarako edukiak, betiere euskaraz. Hautatzerako orduan, bereziki baloratuko da proiektuek euskararen erabileran eta gazteen atxikimenduan duten eragina.

Ekimen honen berezitasuna finantzaketa ereduan datza. Crowdfunding edo finantzaketa kolektiboaren aukera baliatzen du proiektuak aurrera ateratzeko. Aurkeztutako guztien artean bi egitasmo hautatuko dira, eta horiek laguntza ekonomikoa eta prozesua garatzeko aholkularitza jaso ditzakete.

Interesa duten sortzaileek apirilaren 26ra bitartean eman dezakete izena. Parte hartzeko baldintzak, hautaketa prozesuaren xehetasunak eta informazio osagarria IAKren webgunean daude ikusgai. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago