Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025 txostena aurkeztu du Behatokiak Gasteizen, iaz Euskal Herri osoan jasotako 984 intzidentzien analisia mahai gainean jartzeko. Eta, datuak eskuan, erakundeak "larrialdi linguistikoaren" irakurketarekin bat egiten duela azpimarratu du, eta herritarrei dei egin die eskubideen urraketen aurrean ahaldun daitezen.
Agurne Gaubeka zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak azaldu dutenez, jasotako 883 kexak "errealitatearen lagin txiki bat" baino ez dira, eta agerian uzten dute euskaraz bizitzeko borondatea duten herritarrek egunerokoan aurkitzen dituzten mugak eta oztopoak. Administrazio publikoen "lege betebehar falta" jotzen dute errudun nagusitzat, ondorioak aztertuta. Behatokiaren arabera, "araudi lausoek" euskara erabiltzeagatik zapalkuntzak eragiten dituzte, eta zerbitzu publiko askotan euskarazko arreta borondate hutsaren mende geratzen da erakundeetan.
Arloz arlo, osasungintzak eta segurtasunak eragin dute kezka handiena, hizkuntza eskubideak urratzeak zerbitzuaren kalitatean eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. "Gasteizko udaltzainen inguruko kexak, esate baterako, urtero-urtero jasotzen ditugu", nabarmendu du Gaubekak. Medikuekin edo larrialdi zerbitzuekin euskaraz komunikatu ezin izateak babesgabetasuna eta arriskuak sortzen dizkie hiztunei.
Hezkuntzan ere, Baxoa euskaraz egiteko ezintasunak edo Lanbide Heziketako eskaintza urriak egiturazko arazo gisa jarraitzen dutela azpimarratu dute. Eremu sozioekonomikoan, halaber, ez da hobekuntzarik ikusi, azaldu dutenez. Merkataritza kate handiek, ostalaritzak eta teknologia berriek euskara baztertzen jarraitzen dute.
Behatokiak ohartarazi du askotan euskaraz bizitzeko hautua "bigarren mailako behar gisa" hartzen dela. Kexen aurrean, administrazioen partetik maiz erantzun falta da nagusi, edo "beste lehentasun batzuk" daudela erantzuten dute.
Datuak eskuan, Behatokiak herritarrei dei egin die eskubideen urraketen aurrean ahaldun daitezen. Erakundeak atxikimendua adierazi dio Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean deitu duen Euskaltzaleen Martxari. "Behatokiak dei egiten die Euskal Herriko osoko herritarrei hizkuntza eskubideen urraketez jabetu, Euskararen Telefonoa erabiliz ahaldundu eta antolatzera, eta euskaltzale aktibo izatera".
