Arabako esku hartze sozialeko sektoreak beste greba egun bat egin du gaur, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, eta jarraipena oso zabala izan du, sindikatuen arabera, ezarritako gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta. Sindikatuek salatu dute urtebete baino gehiago daramatela negoziazioetan aurrerapausorik eman gabe, eta AISA patronalak ez duela borondaterik lan baldintzak hobetzeko.
AISAren azken proposamenak "atzerapausoa" dakarrela diote. 2025erako aurreikusita zegoen %3,6ko soldata igoera ezabatu nahia leporatu diote, lau urterako igoera metatua jaistea (%11,6tik %10,5era) eta lanaldi murrizketa txikiagoa eskaintzea. Sindikatuen ustez, patronalak "presio eta xantaiaren bidez" negoziatzen du, eta erakunde publikoek "beste aldera begiratzen" dutela salatu dute.
Goizean pikete informatiboak egin dituzte sektoreko langileek, eta Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute. Jarraian, 11:00etan abiatu dute manifestazio nagusia Gasteizko erdigunean zehar, eta arazoaren erantzule gisa jo dituzten hainbat erakunde seinalatu dituzte bidean, besteak beste, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, eta EAJ bera.
Arratsaldean, gorroto diskurtsoen erabilera aztertzeko solasaldia egingo dute, 17:00etan, Landatxo gizarte etxean. Esku hartze sozialean gorroto diskurtsoek duten eragina landuko dute bertan, eta langileentzako tresna berriak eskaini. Gaurko greba mobilizazio egutegi zabalagoaren parte izan da. Urtarrilean lanuzteak egin ziren, otsailean bi greba egun, eta gaur berriro atera dira kalera.
Funtsezko sektorea
Langileek gogorarazi dute sektorea funtsezkoa dela Arabako gizarte zerbitzuetan: 1.200 profesional baino gehiago ari dira lanean, tartean hezitzaileak, gizarte langileak, integratzaileak, sukaldariak, garbitzaileak eta psikologoak. Gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak artatzen dituzte, hala nola adingabeak, indarkeria matxistaren biktimak, migratzaileak, adinekoak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak. Zerbitzu horiek gehienbat Arabako Foru Aldundiaren ardura dira, baina kudeaketa azpikontratatua izan ohi da, eta sindikatuek salatu dute lehiaketa publikoetan eskaintza merkeenek irabazteak kaltetu egiten dituela lan baldintzak eta arretaren kalitatea.
Sindikatuek mezu argia zabaldu dute. "Negoziazioan benetako aurrerapausorik ez badago, mobilizazioak eta grebak jarraituko dute". Administrazio publikoetan zuzenean kontratatuta dauden langileen baldintzekin parekatzea eskatzen dute sektoreko langileek, salatuz gaur egun kategoria batzuetan urteko 16.000 eurotik gorako soldata arrakala dagoela. Sektorea, gainera, oso feminizatua eta prekarizatua dela azpimarratu dute, eta ikuspegi feministatik antolatuta jarraituko dutela adierazi dute.
Argazkiak: Ekaitz Anda