Tasa turistikoa 2027an jarriko da martxan

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 18a

Turismoak zerbitzu publikoak finantzatzen lagunduko du tasari esker. Argazkia: ALEA

Gau bakoitzeko 0,5 eta 7,5 euro artean ordaindu beharko dute turistek, ostatu motaren arabera. Foru araua oraindik Batzar Nagusietan onartu beharrean dago.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek adostu dute tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzea. Hiru lurraldeetan modu bateratuan aplikatuko da, turismoaren eraginari aurre egiteko eta tokiko zerbitzu publikoak finantzatzen laguntzeko.

Tasa 0,5 eta 7,5 euro artekoa izango da pertsona eta gau bakoitzeko, ostatu motaren eta kategoriaren arabera. Landetxeek tarte apalagoa izango dute: 0,5 eta 1,25 euro. Gehienez bost gau kobratuko dira, eta 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbek ez dute zergarik ordainduko.

Udalek oinarrizko tarifak ezarriko dituzte (0,5–5 euro), eta 750 loleku baino gehiago dituzten udalerriek errekarguak aplikatu ahal izango dituzte, gehienez %50 arte, kopurua 7,5 eurora igota. 25 plaza edo gutxiagoko udalerriek ez dute zertan tasa aplikatu.

Foru arauaren proiektua oraindik Batzar Nagusietan onartu beharko da. Araban, martxoaren amaieran egitea aurreikusten da, eta EAJ-PSEren Gobernuak oposizioko alderdiren baten babesa beharko du araua aurrera ateratzeko.

Tasa aplikatuko zaie hotel, pentsio, apartamentu turistiko, kanpin, landetxe, aterpetxe eta erabilera turistikoko gelei, baita gurutzaontzi turistikoetako bidaiariei ere. Ostatuek kobratuko dute eta dagokien udalari jakinarazi beharko diote egonaldiaren berri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago