Greba eguna izan da gaur Hego Euskal Herrian. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dute, eta lanuzteak "babes zabala" izan duela azpimarratu dute.
"Euskal langileen indar erakustaldia" izan dela adierazi du LAB sindikatuak, eta "aberastasuna eta boterea esku gutxi batzuetan metatzea eragiten duen eredu bidegabearen aurrean planto" egin dutela langileek. Soldata propioaren aldarria "oso bizirik" dagoela erakusten duela azpimarratu du ELAk, grebak eztabaida politikoaren erdian jarri duelako.
Herri mugimenduen aldarriak
Milaka arabarrek –15.000 sindikatuen arabera– parte hartu dute goizeko manifestazioan hiriburuan, eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte ere arratsaldean, Laudion, Agurainen, Guardian eta Gasteizen.
Hiriburuko manifestazioan, herri mugimenduen aldarrikapenak ozen entzun dira kaleetan. Erretiratuek pentsio "miserableak" gaitzetsi dituzte manifestazioaren hasieran; halaber, gerraren kontrako pankarta zabaldu dute manifestariek Ibiltariaren estatuaren aurrean, Dato kalean; eta Foru Aldundiaren Gizarte Ongizateko eraikinaren alboan zaintzan aritzen diren emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte baita emakume migratuenak eta arrazializatuenak ere, besteak beste.
Aiaraldean arrakasta handia
Aiaraldeko industriaguneetan zein herrietako merkataritzan gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorrak oihartzun zabala izan du. Eskualdeko lantegietan %75ekoa izan da jarraipena. Gainera, azken greba orokorretan baino askoz babes zabalagoa jaso du greba egunak merkataritza sektorean ere. Amurrion komertzio guztiek itxi dute, banketxe bakan batzuk salbu. Laudion ere grebaren jarraipena zabala izan da hirugarren sektoreko negozioen artean.
Aiaraldea eskualdeko manifestazioa Laudioko udaletxetik irten da, 18:ooetan, eta ehunka lagunek parte hartu dute. Eskualdea kolpatzen ari den desindustrializazioaren bueltan joan dira aldarrikapen asko eta uztartu dira oinarrizko soldata propioaren aldeko lemarekin. Tubos Reunidos. Maderas de Llodio, Guardian, eta Tubacexeko langileak izan dira martxaren protagonistak.
Argazkiak: Ekaitz Anda