Apirilaren 7an hasiko da errentaren kanpaina Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 16a

Apirilaren 13an hasiko da aurrez aurreko arreta Gasteizen, Laudion eta Guardian. Argazkia: AFA

Gasteizko, Laudioko eta Guardiako foru ogasunaren bulegoen aurrez aurreko arreta apirilaren 13an hasiko da.

2025eko errentaren kanpaina apirilaren 7an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da Araban. PFEZ aitorpenak aurkezteko modalitateak ohikoak dira: Rentafácil, Rentared eta Rentaraba.

Rentafácil modalitateari dagokionez, hau da, Ogasunak aitorpena kalkulatzen duen modalitateari dagokionez, apirilaren 7tik ekainaren 17ra arte, zergadunek, egoitza elektronikoan, proposamena onartu edo, hala badagokio, aldatu ahal izango dute, honako hauek erantsiz: ohiko etxebizitzarako alokairuaren etekinak, ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkariak, etxebizitzaren konturako ekarpena edo dohaintzak eta banku helbideratzearen kontua. 

Proposamen horiek Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan sartu gabe baieztatu ahal izango dira, hau da, ziurtagiri digitalen beharrik gabe. 

Halaber, Rentared modalitateko aitorpenak, hau da Ogasunak egindako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren laguntza programaren bidez egindakoak, apirilaren 7tik aurkeztu ahal izango dira. Zergadunek Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikotik bidali beharreko proposamenak dira, eta aitorpen hauek bidaltzeko ziurtagiri digitala behar da: BAK eta BAKQ identifikazio eta sinadura elektronikoak eta egoitza elektronikoan baliozkoa den beste edozein ziurtagiri digital ere.

'Rentaraba', bulegoetan

Rentaraba modalitateari dagokionez, apirilaren 7tik aurrera, aholkularitza edo kudeaketa bulegoek beren bezeroen errentaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkeztu ahal izango dituzte. Arabako Foru Ogasunaren Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoen aurrez aurreko arretari dagokionez, berriz, apirilaren 13an hasiko da. 

Doako zerbitzu hori zergadun guztiek erabili izango dute, salbu eta 2025ean jarduera ekonomiko batean aritu direnek, beren ohiko etxebizitza saldu dutenek, higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenek, merkataritza sozietateetako kotizatu gabeko partaidetzak saldu dituztenek, alokairu turistikorako higiezinak izan dituztenek edo lekualdatutako pertsonen araubide bereziari heldu nahi diotenek.

Halaber, ezingo dute zerbitzu hori erabili etxebizitzaz bestelako bi higiezin baino gehiagoren kapital higiezinaren etekinak lortu dituztenek, jaraunspen edo dohaintza bidez eskuratutako higiezinenak eskualdatu dituztenek, edo irabazpidezko ondasunen desegitea edo indibisoaren amaiera gehiegizko esleipenarekin dutenek, edo kriptodirua eskualdatu dutenek.

PFEZ aitorpenaren berrikuntzak

Iaz onartutako zerga berrikuspenak 2025eko errenta aitorpenean aplikatuko diren berrikuntzak dakartza. Besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: etxebizitzaren arloan aplikatuko diren zerga onura berriak; lan etekinen 20.000 eurotik gorako aitorpena aurkezteko betebeharra; eta baterako tributazioa aurkezteko aukera ematen duten baldintzen mugaketa berria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago