Miguel Burdallo Bautista izango da hemendik aurrera Ezker Anitza-IU Arabako koordinatzaile berria, alderdiak asteburu honetan egin duen XI. asanbladan erabaki duenez. Bederatzi urtez zeregin horretan aritu den Damian Garcia-Moreno ordezkatuko du Burdallok. Erakundeak gaur ezagutzera eman duen prentsa ohar batean, Burdallok gogora ekarri du "lurraldearen gehiengo sozialaren bizitza hobetzeko" alderdiak izan duen "konpromiso historikoa".
"Ilusioz eta konpromisoz hartu dugu erreleboa, orain arte egin dugun moduan, erakusteko ezker eraldatzaileak gauzak aldatu ditzakeela, langile klasearen bizitza hobetzeko", azpimarratu du Burdallok. Erantsi du "ultraeskuinaren zabalpenari" eta "politika neoliberalei" aurre egin nahi dietela. Horren aurrean, enplegua, etxebizitza duinerako eskubidea, feminismoa eta inklusioa aipatu dituzte aurrera begirako zedarri bezala. Burdallorekin batera, zuzendaritza berrian Ester Palacio, Antonia Galiot, Imanol Martin eta Unai Balza de Vallejo egongo dira.