Etxeko inguruetan erabiltzen diren robotak hackeatzea gero eta errazagoa bihurtu da AA adimen artifizialari esker, baina, modu beran, AA hori erabili daiteke gailu horietan dauden zaurgarritasunak aurkitu eta erasoak saihesteko, Alias Robotics enpresari lotutako ikerketa batek erakutsi duenez.
Cybersecurity AI: Hacking Consumer Robots in the AI Era izeneko zientzia artikuluan —peer review edo parekoen berrikuspen gabeko artikulua da, momentuz—, egileek azaldu dute roboten segurtasun ereduak zaharkituta geratu direla AAren aurrean. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute robotek eurek ere AAn oinarritutako babes sistemak izatea, eraso hauen abiadurari aurre egin ahal izateko.
Diotenez, orain arte etxeko robot bat hackeatzeak urteetako ezagutza tekniko sakona eskatzen zuen, baina adimen artifizial sortzaileak egoera guztiz aldatu du: edozeinek, ezagutza berezirik gabe baina AA tresna egokiekin, robot hauen segurtasuna arriskuan jar dezakeelako.
Enpresak garatutako CAI Cybersecurity AI izeneko softwarea erabili dute hiru robot mota aztertzeko, eta ondorio esanguratsuak aurkitu dituzte. Belarra mozteko robot batean —Hookii Neomow— bederatzi ahultasun aurkitu dituzte. Horietako bati esker, gutxienez mundu osoko 267 robot baino kontrolatzeko baimena lortu daiteke. Gainera, robotak erabiltzailearen baimenik gabe GPS kokapena eta etxeko mapak bidaltzen dituela ikusi dute.
Mendian ibiltzeko laguntza ematen duen Hypershell X exoeskeletoan hamabi akats aurkitu dituzte. Hacker batek motorren kontrola har dezake, erabiltzailearen segurtasun fisikoa arriskuan jarriz. Gainera, enpresaren 3.300 mezu pribatu baino gehiago eskuratzeko bidea aurkitu du AAk.
Azkenik, HOBOT S7 Pro leiho garbitzailean hamazazpi ahultasun detektatu dituzte. Erasotzaile batek urrutitik xurgagailua itzali dezake leihoa garbitzen ari den bitartean, robota lurrera eroraraziz.
Ondorioztatu dute fabrikatzaile askok ez dituztela oinarrizko segurtasun neurriak betetzen —pasahitz sinpleegiak edota enkriptatu gabeko datuak direla era—, robotak hardware aldetik oso onak izan arren. Bestetik, aztertutako robotek datu pertsonalak —kokapena edo irudiak— bidaltzen dituzte babes egokirik gabe, GDPR Europako datuen babeserako legeak urratuz. "Ondorioa argia da", adierazi dute prentsa ohar batean. "AA bitartez erasoak bultzatu daitezke, baina babesak ere AAren beharra du".