Aldundiak enpresentzako neurri fiskalak prest ditu, "behar izanez gero"

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 13a

Foru agintariak atzo arratsaldean bildu dira enpresarien ordezkariekin. Argazkia: AFA

Zergen ordainketa atzeratzea, epeak malgutzea edo BEZa azkarrago itzultzea lirateke neurrietako batzuk.

Ekialde Hurbileko krisiak Arabako ekonomian izan ditzakeen ondorioei "erantzun bateratua" emateko Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberaren eta SEA enpresarien elkartearekin atzo arratsaldean egindako koordinazio bileran, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak iragarri du foru erakundeak "gaitasun fiskala" erabiliko duela "behar izanez gero" krisiaren inpaktua arintzeko. 

Diputatuak ez du neurri zehatzik iragarri. Halere, ziurtatu du foru erakundeak "prest" dituela zergen alorreko hainbat neurri. Besteak beste, zergen ordainketan ezohiko geroratzeak, epeak malgutzea, zatikako ordainketetatik libratzea, inbertsioen amortizazio bizkorra edo BEZaren itzulketak aurreratzea aipatu ditu.

Aldundiak dio aurreko beste krisi batzuetan erabili izan diren neurri hauek balioko dutela enpresen likidezia eta jarduera ekonomikoa babesteko. "Prest gaude gure industriaren beharrei erantzuteko, gure jardueraren eta enpresen jarraipenari erantzuteko eta gure enpleguak babesteko", azpimarratu du Gonzalezek. Argudiatu du "enpresen ondoan egotea lanpostuak eta familiak defendatzea" dela.

Gonzalezek aitortu du gatazkak "eragin potentzial handia" izan dezakeela ekonomian, baina gerraren "intentsitatea eta iraupena" izango direla erabakigarriak. Egoera egonkortuz gero, ondorio ekonomikoak aldi baterakoak izan daitezkeela sinetsita dago diputatua, baina, luzatzen bada, "neurri zorrotzagoak aktibatu beharko" liratekeela dio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago