Hamarkadak daramatza Salvador Velilla (Lapuebla de Labarca, 1945) idazle eta ikertzaileak etnografiari eta historiari lotutako istorioak berreskuratzen. Cantabria mendilerroa toponimoaren ofizialtasuna berreskuratzearen alde egin duen lana eskertu berri diote.
Beti zerbait eskuetan! Zertan egon zara gaur goizean?
Bastidako Terra upategian egon naiz. Eskatu didate hango hainbat komertzial eta banatzaileri Bastidak izan duen historia azaltzeko, eta hala egin dut. Besteak beste, hemengo klimaz aritu naiz, eta lurraren ezaugarriez. Kareduna izanik, oso egokia da mahastietarako. Kontatu diet ere Bordele estiloko lehen upategia bazela Bastidan 1819an, herri aitzindaria izanik. Terra upategietan bi anaia dira: Fidel eta Carlos Fernandez, eta ardura handia dute ondarearekiko. Carlosek uste zuen mahatsak ugaltzeko xirmenduak lurrean sartzeko ohitura —morgón esaten zaiona— filoxeraren gaitza etorri zenean egiten hasi zela, baina nik agirietan aurkitu dut hirurehun urte aurretik jada egiten zela, 1614an.
Remelluri upategiarentzat ere ikertzen ibili zara. Zertan, zehazki?
2016tik nago haiekin. Armando Llanos arkeologoaren bitartez nirekin harremanetan jarri ziren, eta Remelluri landetxeari buruzko dokumentazioa aztertzeko eskatu zidaten. Toloñoko Andre Mariaren santutegiarena zen, eta dokumentazio guztia Gasteizko Elizbarrutiaren Artxiboan dago gordeta. Hor ikusten da adibidez frantsesen aurkako Konbentzioaren Gerran santutegian bertan zulo bat egin zutela, eta harribitxiak eta agiriak sartu zituztela, tropak sartzekotan, lapur ez zitzaten. Ondorengo gerra batean, Independentziarenean, San Vicente de la Sonsierrako [Errioxa] upategi batean ezkutatu zituzten jabetza horiek. Urduñan ere antzeko zerbait gertatu zen, Friasko [Burgos] komentu batera eraman zituzten bereak. Bestetik, Larrazuria kalean duten etxe batean kultura zentro bat ireki nahi dute, eta oso interesgarria izan da etxe horretako historia ikertzea. Familia osoak kezka handia du beren ondarearekiko eta ingurua ezagutzeko. Telmo eta Amaia [Rodriguez] anai-arrebek, batez ere. Adibidez, inguruko flora ikertzeko jendea ere ekarri dute Bastidara
Denbora luzea ematen duzu artxiboetan sartuta, eta zure izena idatzita dago Arabako Artxiboa gehien kontsultatu duten ikertzaileen artean…
Bai, beti gustatu zait. Gainera, zerbait argudiatu ahal izateko, funtsezkoa da dokumentazioan oinarritzea. Baita ingurua lehen eskutik ezagutzea ere. Tira, nik idazten dut ezagutzen dudanaren inguruan, eta idatzi aurretik bertan egon behar naiz. Aiaraldeko edo Arabako Errioxako ibilbideei buruz idatzi ditudan liburuetan agertzen diren leku guztietan egon naiz. Tira, mendilerroan, Eskamelo eta Peñalta gailurretara ez naiz igo, oso zailak direlako, eta ia-ia lotsa ematen dit horien inguruan idatzi izanak. Baina, gainerakoan, lurra zapaldu eta jendearekin hitz egitea da hoberena.
Ezagutzen zaitudanetik, herrian zaudela, beti galdezka ari zara ingurukoei...
Funtsezkoa da hori! Oroitzen naiz ardo dolareen inguruan egin nuen ikerketarako, adibidez, autoan joaten nintzela, eta jendeari galdezka ibili nintzen. Oso memoria ona duen eta ingurua lehen eskutik ezagutzen duen jendea aurkitzea ederra da. Ehiztariak, nekazariak... Mutilluriko monasterioaz ikertzerakoan, [Lopez de ] Guereñuk idatzi zuen Mendigurinaren mendebaldean zegoela, eta Armando Llanosek gero zioen ezin zuela aurkitu. Bada, behin Bastidako artxiboan nengoen, eta kafe bat hartzera atera nintzenean, adineko bati galdetu nion Martin de Mutilluriri buruz. Ezetz esan zidan, hori Bastidan ez zela existitzen, baina San Martinen mahasti bat zuela esan zidan, eta zulaketa bat zegoela. Hara eraman ninduen, eta argi ikusi nuen hor harkaitzean zulatutako baseliza. Dokumentazioak dio Mutilluri deitzen zen ibi garrantzitsua zegoela. Artxiboen abantaila da diru sarrera eta irteera guztiak jasota geratzen direla, eta Bastidakoan aurkitu nuen Mutilluriko ibian gurdi bat ez atzera ez aurrera geratu zela, hara laguntzera joan zirenei ordaindutako askaria jasota agertzen baita.

Lapuebla de Labarcan, zure herrian, Uztaberri egunaren bezperan bigarren urtez oso hitzaldi arrakastatsua egin duzu. Zer kontatu duzu bertan?
Egia esanda, lehen hitzaldira inor gutxi etorriko zela uste nuen. Izango da herriko gauzak direla, eta jendearen interesa pizten duten gauzak direla. Ikertu dudana ezagutaraztea da nire helburu bakarra, jendeak hori ezagutu, errespetatu eta zaindu dezan, atzetik datozen belaunaldiei helarazi ahal izateko. Ebroren gaineko igarobideari buruz izan zen iazko hitzaldia. Sinetsita nago aspalditik pasabide bat egon zela; ibi garrantzitsu bat. Izan ere, Holandan 1600 urtearen bueltan egindako mapetan agertzen da Lapuebla. Herria garrantzitsua zen seinale da hori. Ondoren jarri zen txalupa, eta zubi zintzilikari bat egin zen. Hormigoizkoa, 1940an paratu zuten. Aurten Lapuebla Guardiatik independizatu zeneko historia kontatu dut. Une horretan Guardia zen hiribildu bakarra, eta gainerakoak, Guardiaren herrixkak. Baina gero jurisdikzioa onartu zitzaion Lapueblari, alkate propioarekin eta zigorrak ezartzeko ahalmenarekin.
Jurisdikzio horren adierazle izan zen pikota berreskuratu zenuen. Nola izan zen?
Privilegios de villazgo e insignias jurisdiccionales en la Rioja Alavesa nire libururako ikertzen ari nintzen udaletxean, eta ikusi nuen El Rollo larraina aipatuta agertzen zela toki batean. Hara joan eta zutabe antzeko bat aurkitu nuen, berrogei zentimetro ingurukoa, bafada ateratzeko hodi baten alboan. Jendearekin hizketan, esan zidaten beste etxe batean bazegoela esertzeko erabiltzen zuten antzeko beste zutabe bat. Baimena eskatu nion familiari, eta udalari pikotaren berri eman nion. Hainbat udalbatza agintaldi pasa ziren, baina ez zidaten jaramonik egin. Harik eta Maider Murillo eta Maite Cordoba alkateek kontua pixka bat serioago hartu zuten arte. Diputazioarekin hizketan, lortu zuten pikota orain dagoen tokian berrezartzea.
Lapueblako bide zaharrarekin antzekoa egin zenuen...
Bai. Eta hori, beste gauza asko bezala, taberna batean abiatu zen. Batek aipatu zidan soldaduska Logroñon egin zuela, eta Lapueblarako bide zaharrean egiten zutela instrukzioa, Logroñoko aldirietan dagoen kale batean. Autoa hartu, hara iritsi eta hor zegoen idatzita hizki urdinez. Trena egon aurretik, txalupan ibaia zeharkatu eta oinez ibiltzen ziren lapueblarrak, Ebro ibaiaren aldamenean, Logroñoraino. 2002. urtearen bueltan izan zen hori, eta hor abiatu zen ere Uztaberri eguna. Lapuebla hain behera egonda, gorritzen den lehenetakoa da hemengo mahatsa, eta udalekoei esan nien egin ahal genuela. Primum deitzea otu zitzaidan. Upategiak irekitzeko aukera planteatu nuen, edo herrian hain berezkoa den el bolo janaria prestatzea. Tamalez jada zenduta dagoen Mari Carmen [Najera] zinegotziari ideia gustatu zitzaion, eta horren aldeko apustua egin zuen.
Ea, Lapueblan pikota, Uztaberri, bide zaharra... denetarik dugu. Baina ardo dolarerik ez. Zuk horren bueltan duzun teoria azalduko diguzu?
Nire teoria da arabiarrak 715. urtearen inguruan iritsi zirenean jende askok alde egin behar izan zuela, Toloño eta Cantabria mendilerroak zeharkatuz, ipar aldean aterpe hartu nahian. Trebiñun, Lañu inguruan, harkaitzean zulatutako koba eremitikoak daude. Ondoren, berrehun urte geroago, Nafarroako eta Leongo erregeek batera Naiarako batailan arabiarrak bota zituztenean, jende hori bueltatuko zen, harriaren lanketa eta euskarazko toponimia ugari utzita Rioja eta Tiron ibaien inguruan dagoen zerrenda zabal batean. Hor ere dolareak eta nekropoli andana daude, 600 hilobi ingururekin. Antzeko paisaia izan arren, zerrenda horretatik ekialderantz joaten zaren heinean, dolareak eta toponimia hori desagertuz doa. Teoria bat baino ez da, baina uste dut mereziko lukeela horretan gehiago sakontzeak.
Terminoaren ofizialtasuna berreskuratuta, Cantabria Mendilerroaren aldeko Plataformak urte hauetan egindako lana aitortu dizu, "mila esker amore ez emateagatik" esanez. Pozik zaude?
Tira, ez da eskatzen genuena, mendilerroaren zati bakoitzari bere izena bueltatzea baizik. Ez zait bidezkoa iruditzen egin dutena, funtsean nortasun handia duen Toloñori prestigioa kentzea delako. Guardia inguruko herrietatik ez da Toloño ikusten, eta garai batean ez zekiten zer zen ere. Dena hasi zen ikusi nuenean mendilerro osoari Toloño izena jarri ziotela. Ni herriz herri ibili nintzen jendea grabatzen, eta %90 inguruk esaten zidaten ezetz, Toloño harago zegoela, mendilerroa Cantabria zela. Hemen arazoa izan da Euskaltzaindiak bere kide bati eskatu ziola izena ebazteko, beste inorekin kontatu gabe. Euskaltzaindiak ez zuen onartu behar Jose Antonio Gonzalez Salazarri eta Roberto Gonzalez de Viñaspreri txostenak eskatzea, horiek aldi berean nolabait epaile eta alderdi izan direlako. Baina gehien mindu nauena izan da ikustea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez duela independentzia mantendu: praktikan Euskaltzaindiak zioena errepikatu baino ez du egin.
Oraingoan zarata asko sortu gabe, baina Euskaltzaindiak ere alonimo gisa onartu du Cantabria izendapena bere azken 201. araudian…
Tira, gutxienez Cantabria ere onartu da. Baina, nire ustez, bi toponimoen ofizialtasunaren gaineko erabakiak jendea nahastu du. Izan ere, pertsona asko sinetsita dago euskarazko izena Toloño dela, baina Euskaltzaindiak berak dio ez bata ez bestea ez direla euskal jatorrikoak. Esango nuke mundu abertzale edo nazionalista gehienetan Toloñoren alde lerrokatu dela, "Toloño gurea da" sinetsita.