juanjo peciña eta iñaki etaio

"Kuba aktibo morala da, horregatik eraso diote"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 13a

Juanjo Peciña eta Iñaki Etaio Askapenako sortzailea eta militantea dira hurrenez hurren. Argazkia: E.UGARTE

Herritarrak itotzeko neurriei esker Kuba "berehala eroriko dela" iragarri du Trumpek. Aurre egiteko deia egin dute internazionalistek.

Askapenaren bultzatzaileetako bat izan zen duela 50 urte Juanjo Peciña (Gasteiz, 1963) eta Kubarekin harreman militante estua izan du bere ibilbide internazionalistan, Iñaki Etaio (Gasteiz, 1976) Askapenako militanteak bezala. Karibeko herritarrek bizi duten egoera larriaren inguruan mobilizatzeko beharra azpimarratu dute biek ala biek. "Gizateriak Kuba aurrera ateratzea behar du", azpimarratu du Peciñak.

Kuba jomugan jarri dute Trumpek eta Marco Rubiok, petrolioa heltzea debekatuz. Horrek eragin zuzena du kubatarren egunerokoan.

Juanjo Peciña: Batistaren diktadurak, AEBko mafien babesarekin, Kuba AEBko burdela bihurtu zuen, kasinoekin, drogekin… Ez AEBk ez munduko prentsak ez zuten inoiz zalantzan jarri Batistaren diktadura, eta are gutxiago blokeorik jasan. Kuba izan da inperioaren oinetako harria. Kubako herriaren eta gobernuaren lorpenen zerrenda kontaezina da. Berehalako alfabetatze kanpainari gehitu behar zaio herritarrei giza eskubideen ardatz nagusiak bermatu izana: osasuna, hezkuntza, etxebizitza…, eta blokeoa tartean, garapen indize oso altuak izan ditu,  herrialde "garatu" askotakoak baino hobeak, haurren heriotza tasa kasu. Baina munduari egin zaion ekarpenik handiena duintasuna izan da, herri gisa bere subiranotasuna iparraldeko kolosoaren aurrean defendatuz.

"Iraultzaren oinarriak sendoak dira eta kubatar gehienek egoera ulertzen dute" 

Zergatik jarri dute orain Kuba jomugan? Zer interes izan dezakete?

J. P.: Kubak ez du petrolio aberastasunik edo lur arrarorik, baina aktibo morala da. Kubari eraso egiten zaio ordezkatzen duenagatik, eta erakutsi duelako herrialdeen artean elkartasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako harreman bat ezar daitekeela. Horren erakusgarri da Latinoamerikako Medikuntza Eskola (ELAM), non 80 herrialde baino gehiagoko milaka mediku graduatu diren, edo 2004an hasitako Mirari Operazioa, Latinoamerikako eta Afrikako milaka pertsonari ikusmena itzuli diena. 2010eko Haitiko lurrikaran, Afrikako ebola izurritean edo Covid pandemian ere Kubako brigada medikuak lehen lerroan egon dira. 1963tik ehunka mila medikuk 165 herrialdetan lagundu dute. Kubako Nik bai, ahal dut alfabetatze metodoa Bolivian, Venezuelan, Nikaraguan eta Afrikako hainbat naziotan ezarri zen analfabetismoarekin bukatzeko. Elkartasunaren balioak eta independentea izateko eskubidea dira inperioak garaitu nahi dituenak.

Akaso Kubako herriaren altxamendua espero du AEBko gobernuak?

Iñaki Etaio: Kubako herria hartu dute jopuntuan, sufrimendua eragiteko eta buruzagitza iraultzailea  irudikatzeko blokeoaren ondorioen erantzule gisa. Horrela, gerra kognitiboarekin batera, nagusiki sare sozialen bidez gazteei zuzenduta, populazioaren haserrea eta protestak elikatzen saiatzen dira. Prozesu guztiek dauzkaten kontraesanak areagotzen dira urritasuna eta arazoak ugaltzean. Horrek guztiak Kubako sistema ahultzeko lagunduko luke, eta, gainera, kanpoko esku hartzerako aitzakia emango luke. Hala ere, egoera asko okertu eta sektore batzuetan egonezina eta etsipena zabaltzea lortu arren, iraultzaren oinarriak sendoak dira, eta kubatar gehienek egoera ulertzen dute. Beren independentziaren defentsa eta horren ordaina oso barneratuta dauzkate. Kuban dauden arazo eta gabezia materialekin edozein herritan kaleak sutan egongo ziren aspaldi, baina Kuba ezberdina da. Krisi ekonomikoa eta sortu nahi duten krisi humanitarioa ez da heldu krisi politikoa izatera.

Aspaldi egon dira saiakerak.

I.E.: Kuba jomugan egon da AEBko inperialismoa garatzen hasi zenetik. Duela bi mendeko Monroe Doktrina eta John Quincy Adamsen Fruta onduaren Teorian agertzen da Kuba bereganatzeko asmoa. 1959eko Iraultzarekin Kubak bere bide propioa egiten hasteak inperialismoaren oldarraldia biderkatu zuen. AEBko eliteek espero zuten Kubako buruzagi berriak boterean mantentzeko inperialismo yankiaren nahien aurrean makurtuko zirela. Baina Kubako Iraultza benetakoa zen, benetako prozesu askatzailea. Mota guztietako erasoak egin dituzte AEBko administrazioek Kubako Iraultza suntsitzeko: mertzenarioen bidezko inbasioak, uhartearen barruan talde kontrairaultzaileen antolaketa, izurriteak zabaltzea, pertsona eta azpiegituren kontrako atentatuak, Fidel hiltzeko 600 plan baino gehiago, bertoko profesional kualifikatuak ihes eginaraztea, sistema desegonkortzeko migrazio ekonomikoaren erabilera, 65 urteko blokeoa. Alabaina, Kubako Iraultzak jakin izan du bere burua defendatzen. 

"Erakuts dezagun Kuba ez dagoela bakarrik, Euskal Herria Kubarekin dagoela"

Kuba huts egindako estatua dela esan du Trumpek erasoa justifikatzeko. Hala da?

I.E.:  Herriak eta pertsonak salgaien moduan hartzen dituen elitearen zinismoa baino ez da. Herri bati erasotzen diote, itotzen dute, gosez eta gaixotasunez errendiarazten saiatzen dira, eta, ondoren, herri horren sistema politikoa eta buruzagiak muturreko egoera horren erantzule gisa aurkezten dituzte. Kubaz gain, adibide asko daude azken hamarkadetan: Nikaragua sandinista, Venezuela bolivartarra, Libia, Irak, Palestina, Iran… Inperialismoaren eta, oro har, kapitalismoaren beldur nagusietako bat da kapitalaren aginduetatik at dagoen eredu alternatibo bat bideragarria dela erakustea eta zapaldutako beste herriei bidea argitzea. Imajina dezagun zein garapen izan zezakeen Kuba bezalako herri batek, bere giza baliabideekin eta baliabide materialekin, era planifikatuan, kanpoko erasorik gabe bere ahalmena gauzatu ahal izango balu.

Kuba jasaten ari den erasoak zerikusia al du Israelek Gazan ezarri duen egoerarekin. Konparatzerik al dago?

J.P.: Gazan egin duten sarraskia laborategi proba bat izan da formula berdina beste edozein tokitan aplika daitekeela gogorarazteko, eta gaur Karibean egiten ari direna da gosearen diplomazia ezartzea, Kubako gobernuak negoziatzeko erakutsi duen borondatea baztertuz. Uhartearen aurkako blokeo kriminala egiten dutenak eta bere morroiak dira sionismoa finantzatzen dutenak, faxismoa ohiko bihurtu nahi dutenak. Beraz, premiazkoa da gu antifaxismoan heztea eta jardutea. Ezin dugu onartu Kubaren aurkako erasoa normalizatzea, Palestinako genozidioarekin egin nahi duten bezala.

"Elkartasunaren balioak eta independentea izateko eskubidea dira inperioak garaitu nahi dituenak"

Nahiz eta herrialdeen gehiengo handi batek urtero Nazio Batuen Batzarrean blokeoa errefusatu, gutxi dira AEBen blokeoari aurre egiteko prest daudenak. Bakarrik dago Kuba?

I.E.: Kuba ez dago bakarrik. Kubarekin munduko herriak gaude, munduko langileria, beste mundu bat nahi dugunok. Baina estatu eta gobernu gehienek, blokeoaren kontra agertu arren, ez diete aurre egingo inperialismo yankiaren mehatxuei. Itxaropena herri antolatuetan sortutako estatuetatik etor daiteke, baita inperialismoaren ahultze progresibotik ere.

J.P.:  Botere yanki-sionistaren presioen ondorioz, NBEk AEBren aurka hartutako ebazpenek –Israelen aurkakoak bezala– ez dituzte legez kanpoko erasoak gelditzen. Segurtasun globalerako eta gizateriaren etorkizunerako mehatxua ez dator Kuba bezalako herri duin eta internazionalistetatik. Bidegabekeria kriminalaren aurrean Kubak keinu humanitarioak baino salaketa politikoa eta mobilizazioa behar ditu.

Urte luzez euskal herritar askorentzat Kuba erreferentea izan da. Zer zor dio Euskal Herriak Kubari? Zer eman dio Kubak Euskal Herriari?

J.P.: Kubatik igaro diren euskal brigadistek prozesu iraultzailearen une ahaztezinak bizi izan dituzte, amore ematen ez duen eta bere lorpenez harro dagoen herri baten determinazioa aurkitu dute, iraultza ez baita gobernu bat herri bat baizik. Ez genuke mundua ulertuko Kuba iraultzailearen erreferenterik gabe, subiranotasunaren eta integritatearen itsasargia, herri zapalduen paradigma, tiraniaren aurkako matxinadaren adibidea, bidegabekerien aurkako borroka, ahulenen eta xumeenen defendatzailea. Gizateriak Kuba aurrera ateratzea behar du. Hautsi dezagun blokeoa, hedabide eta sare sozialen bidez zabaldutako diskurtso faxista desmuntatuz. Kubak ez du amore ematen; guk ere ez. Erakuts dezagun Kuba ez dagoela bakarrik, Euskal Herria Kubarekin dagoela.

Lema bat baino gehiago da Kuba gabe ezer ez dela berdina izango?

I.E.: Kubako borroka eredua izan da munduko herri askorentzat, Euskal Herria barne. Nazio askapenerako euskal mugimenduaren sorreran Kubako Iraultza izan zen erreferente garrantzitsuenetako bat, Vietnamgo erresistentzia edota Afrikako herri batzuen deskolonizazio borrokekin batera. Horrez gain, ez da ahaztu behar euskal militante batzuentzat zein beste herri batzuetan jazarritako militante askorentzat harrera lekua izan dela. Askatasuna lortzeko eta sozialismoa eraikitzeko eredua Kuban bertan sortutakoan islatzen da, baita Kubatik kanpora begira garatutakoan ere. Izan ere, internazionalismoa izan da Kubako Iraultzaren ezaugarri nagusietako bat. Fidelek esan zuenez, "internazionalista izatea gizateriarekin dugun zorra kitatzea da". Printzipio horri jarraituta milaka izan dira munduko herri askotara heldutako kubatar borrokalariak, medikuak, erizainak, irakasleak, entrenatzaileak edota arlo ezberdinetako tekniko eta aholkulariak. Munduko herrien alde eta, zentzu zabalagoan, gizateriaren alde erakutsitako izate eta jarraibide horiek exijitzen digute Kuba defendatzea, bereziki une zail honetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago