"Emakumeek presentzia handiagoa dute bereziki euskarazko hedabideetan"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 11

Arantza Gutierrez Paz EHUko ikertzailea. Argazkia: EHU-Campusa

Hego Euskal Herriko komunikabideetan, oro har, agertzen diren emakumeen portzentajea nazioartean baino hiru puntu altuagoa da baina ez da heren batera heltzen.

Komunikabideetan emakumezkoak zenbat eta nola azaltzen diren monitorizatzeko mundu mailako proiektu batean (GMMP) parte hartu dute EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Publizitateko eta Kazetaritzako ikertzaileek, eta, metodologia bera erabiliz, Hego Euskal Herriko hedabideen azterketa egin dute.

Zehazki Gara, COPE Bilbao, ETB1eko Gaur Egun, Argia, Diario de Noticiaseko webgunea, Berria, Deia, El Correo, COPE, Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia eta Hamaika TB sartu dituzte laginean: orotara, 121 albistek osatu dute lagina (%33 egunkarietan; %28 irratietan; %17,5 telebistetan eta %21,5 agerkari digitaletan), horietako 64 euskaraz.

Nazioarteko batez besteko datuekin alderatuta, Hego Euskal Herriko komunikabideetan, oro har, agertzen diren emakumeen portzentajea hiru puntu altuagoa da (%29); eta, hala ere, ez da heren batera heltzen.

Gainera, ikerketak erakutsi duenez, "emakumeek presentzia handiagoa dute bereziki euskarazko hedabideetan; baina oraindik ez dago parekidetasunik. Emakumeen ahotsak gizonezkoenak baino gutxiago badira ere, gero toki gehiago hartzen dute albisteetan, bereziki aditu edo talde baten bozeramaile gisa. Horrekin lotuta, maiz agertzen diren andrazkoak esparru publikoan ari diren politikari edo aktibistak izaten dira", laburbildu du Arantza Gutierrez Paz EHUko ikertzaileak.

Idatzizko hedabideetan arrakala handiagoa

Komunikabide motaren araberako datuek erakusten dutenez, idatzizko hedabideetan aldea laburtu da baina arrakala handiagoa da beste komunikabideetan baino. "Gizonezko ahotsak nagusitzen dira albisteetan, bai idazle eta protagonista bai informazio iturri gisa", azaldu du EHUko ikertzaileak. Telebistetan, ordea, datuek diote egoera parekideagoa lortzen ari direla.

Hedabide digitaletan emakumeen presentzia handiagoa da Euskal Herriko komunikabideetan. Bestalde, ikertzaileak aitortu du irratiko datuek argazkia desitxuratzen dutela, "irratien lagina aldatu egin baita". 

Gutierrezek azaldu duenez, ikerketan agerian geratu da Hego Euskal Herriko komunikabideetan egoera hobetzeko ariketa bat egin dela: "idazgelak feminizatzen ari dira; gero eta emakume gehiagok azaltzen dute gaurkotasuna". Ildo horretan, nabarmendu dute azken urteotan emakume batzuek euskal medioen gidaritza hartu dutela, Amagoia Mujikak Berria zuzentzen du 2023tik; Ainhoa Jauregik 2024an hartu zuen Hamaika Telebistaren lema eta urte berean Ane Urkirik hartu zuen Naiz agerkaria zuzentzeko ardura.

"Izendapenetatik harago, barne prozesuak landu dira zenbait hedabidetan; eta, beste arlo batzuetan bezala, kosta egiten da ohituretan eragitea eta kristalezko amildegiaren mehatxua ezkutatzen ote den aztertu behar da, alegia, komunikazio sektorea krisian dagoenean emakumezkoak gidaritzan jarri ote diren".

Munduan aurrerapenik ez

GMMP ikerketak erakutsi du mundu mailan ez dela ikusten aurrerapen handirik azken hogeita hamar urteetan: "Bederatzi puntu handitu da emakumezkoen hedabideetako presentzia (% 17 zen 1995ean, eta % 26 2025ean), baina azken urteotan joera hori geldotu egin da", azaldu du Arantza Gutierrezek. Horrek esan nahi du, oro har, albisteetako lau protagonistatik bakar bat baino ez dela emakumezkoa; alegia, lau albistetik bat bakarrik sinatzen dute emakumeek edo lau albistetik bakarrean dira emakumeak protagonista.

Agerian geratu da nazioartean emakumeen testigantzak esperientzia pertsonalekin eta herritar arrunten iritzi azalpenekin lotzen direla (hau da, zilegitasun gutxiko ahotsekin), eta agertzen diren adituen edo bozeramaileen laurdena izatera ez direla heltzen. 

Informazio osoa: Campusa-EHU

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago