98 pertsonari etxez etxeko zerbitzua kendu die Gasteizko Udalak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 10a

Gasteizko ELZren hartzaileen egoera berrikusi du udalak. Argazkia: ALEA

EH Bilduk "murrizketak" salatu ditu, eta neurria atzera botatzeko eskatu du. "Udal gobernuak, gizarte langileen irizpidea urratuz, zerbitzu horiek etetea erabaki du", azaldu dute.

Gasteizko Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) ezarritako "murrizketak" 100 pertsona ingururi eta haien familiei eragin diela azaldu du EH Bilduk, eta 92 pertsonari "justifikaziorik gabe" zerbitzua eten zaiela salatu du. Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerok onartu du 98 kasutan eten dutela zerbitzua, eta horietatik sei kasutan baino ez dagoela justifikatuta erabakia.

Izan ere, EH Bilduren esanetan, gizarte langileen irizpidearen kontra hartu du erabakia udalak: "Pertsona horiei zerbitzua aitortu zaie udaleko gizarte langile batek aldez aurreko balorazio bat egin dielako eta behar hori aitortu die. Profesionalak uste du laguntzak behar dituztela beren bizitza modu autonomoan garatzeko. Hala ere, udal gobernuak, gizarte langileen irizpidea urratuz, zerbitzu horiek etetea erabaki du", azpimarratu du.

"Hau murrizketa hutsa da", esan du Porrasek. "Murrizketa horiek geldiaraztea eskatzen dugu. Jende horrek zerbitzua behar du, eta horrela aitortu dio gizarte langile batek. Ez saiatu murrizketak atzeko atetik sartzen. Eta ELZn eta haren finantzaketan arazoak badaude, eztabaida dezagun, behar duten pertsona guztiei zerbitzua bermatzeko".

Berrikuspenaren ondoren

EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, udalak 1.143 jakinarazpen bidali zizkien urrian oinarrizko ELZren hartzaileei, zerbitzuaren esleipena berrikusiko zutela jakinarazteko. Berrikuspen horrek zerbitzuaren murrizketa ekarriko zuen galdetu zuen garai horretan EH Bilduk, eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerok ezetz erantzun zuen, hain zuzen 2025eko abenduan: "Berrikuspen prozesua hasi ondoren ez da zerbitzu bat bera ere baliogabetu, ezta amaitu ere egin".

Alta, EH Bilduren esanetan, otsailean Royeroren erantzuna aldatu egin da, eta onartu du Etxez Etxeko Zerbitzua kendu dietela 92 laguneri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago