Arabako zazpi emakume eta kolektibo omendu ditu aldundiak, atzo arratsaldean Artium museoan Martxoak 8aren harira egindako ekitaldi batean. Kuadrilletako emakumeek eta kolektiboek egindako lana omentzeko ere baliatu dira ekitaldiaz, bai eta Arabako emakumeen oroimenaren berreskurapena "erdigunean" jartzeko ere. Laia bana eman diete emakume eta ordezkariei, aintzatespen gisa.
Besteak beste, eskualdeko memoria topaketetan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak, kolektibo feministak eta pertsonak bildu dira atzoko ekitaldian.
Lehenik eta behin, hilondoko omenaldia egin diote Agustina Lopez Ansoteguiri, Gesaltza Añanako emakumezko lehen alkatea izanagatik, eta "udalerriko bizitza komunitarioa" bultzatu izanagatik. Raquel Nograro Lopezek haren alabak jaso du saria.Soilik emakumeez osatutako Laudioko Andere Koralak ere saria jaso du, saria Aurora Martinez Riveira presidenteak hartu duelarik.
Santikurutze Kanpezun "zaintza komunitarioei eta herri kulturaren transmisioari lotutako lana egiteagatik" omendu dute Macaria Iriarte. Gurutze Badiola bilobak jasu du ikurra. Guardiako historialari eta lurraldearen memoriaren dibulgatzaile Clara Ajamil Gainzaraini ere eman diote beste aintzatespen bat. Aramaion inude izandako Justa Lonbide Unzuetarentzako saria, berriz, Aitziber Aginagalde Mondragon bilobak hartu du.
Trebiñuko Udako Iturriak Elkartearen izenean ere saria jaso du Yolanda Urarte Alonsok, "berdintasunaren, ahalduntzearen eta komunitate dinamizazioaren alde egindako etengabeko lanagatik". Azkenik, Aguraingo Agustina Perez de Heredia Sallurtegui Emakumeen Elkarteko lehen presidentea omendu dute ere, "komunitatearekiko konpromisoagatik eta emakumeen artean elkarri laguntzeko guneak bultzatzeagatik". Ekitaldia amaitzeko, Clara Ajamilekin batera, mahai ingurua baten bueltan egon dira Aramaioko Pilar Irasuegui praktikantea eta Trebiñuko Begoña Barrio.
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak Arabako emakumeen "memoria historikoaren balioa eta lurraldeak berdintasunarekin duen konpromisoa" nabarmendu du ekitaldian emandako hitzaldian. "Memoria, historian zehar isilarazi diren emakumeen kontakizunak gabe, ez da memoria, baizik eta iraganaren ikuspegi partziala, itzalez betetako etorkizuna proiektatzen duena", adierazi du. "Egiten dituzuen ekarpenak ez dira historiaren orriaren oinean idatziko sekula berriro", esan die andreei.