Airearen kalitateari buruzko ezohiko oharpena egin du gaur Gasteizko Udalak, eta bereziki gaur gaueraino izan daitezkeen efektuez ohartarazi du. Izan ere, inguruko lurraldeetan bezala, gurean Saharatik etorritako hauts gandua pilatzen ari da egunotan, eta horrek ezinbestean dakar partikulen kontzentrazioen handitzea.
Hori dela eta, udalak dio ahal den heinean murriztu egin behar direla esposizio luzea eta aire zabalean ahalegina eskatzen duten ariketa fisiko edo jarduerak. Bestetik, eta partikula natural horiei partikula antropogenikoak gehitu behar zaizkionez, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, trafikoaren bolumena murrizteko. Azkenik, airearen kalitateari buruzko informazioa ematen duten udal adierazleei adi egoteko eskatu dute.
Jatorri naturaleko partikulek eragin nabarmena dute gizakien osasunean, gehienetan gizakiak eragindako kutsaduran arreta jarri ohi bada ere. Horien artean, basamortuetako hautsa da kezka nagusia. Logikoa denez, basamortuan bertan edo horren gertueneko lurraldeetan izaten du inpaktu gehien. Eta ez da hutsala. Kasurako, 2018an Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu zuen airean dauden partikula ñimiñoek –PM2,5 izenekoak bereziki, 2,5 mikrometro baino txikiagoak—heriotza ugari eragiten dituztela, batez ere txikienen artean: 2015ean partikula hauekiko esposizioak 400.000 haurren heriotza eragin zuen Afrikan. Bi urte geroago egindako beste ikerketa batek korrelazio argia ikusi zuen hautsaren eta heriotzen artean: urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzen denean haurren hilkortasuna %18 igotzen da Saharaz hegoaldeko Afrikan.