SEA Arabako enpresarien elkarteak 102.000 euroko salbuespenezko diru laguntza izango du aurten Arabako enpresetan "lan absentismoa murrizteko diagnostikoa egiteko eta estrategiak ezartzeko".
Hala jaso dute aldundiaren eta elkartearen artean sinatu duten hitzarmen batean. Bertan diote lurraldeko absentismoaren inguruan egindako "azken ikerketek" kopurua %10,54an kokatu dutela. Datu horien arabera, batez bestean arabarrek 25 egunez utzi diote lanera joateari, Espainia mailako batez bestea 18,45 denean. Horregatik diote hemengo enpresak "gero eta kezkatuago" daudela absentismoarekin.
Hitzarmenaren arabera, erakunde publikoak eta enpresarien elkarteak ikerketaren gastuak partekatuko dituzte. Izan ere, orotara, ikerketak 104.000 euroko kostua izango du. Aldundiak 102.000 jarriko ditu, eta gainerako 2.000 euroak enpresarien kontura joango dira. 2026rako aurrekontuetan jasota ez dagoen partida da, hitzarmenean bertan azaltzen denez, baina kontua "salbuespenezkotzat eta interes publikokotzat" jo dute dirua bideratzeko.