⛅ EGURALDIA

Mantenduko da, momentuz

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 4a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gaur ostarte zabalak izango ditugu, baina bihar arratsaldetik aurrera hodeitza trinkotuko da. 

Hauts ganduarekin batera, laino eta lanbroak izango ditugu goizean goiz. Ondoren, zerua hodei gutxirekin geratuko da, baina hodei tarte batzuk ere etorriko dira bisitan. Eolo hego-ekialdetik arituko da, ahul-bizi, eta bolada gogorrekin. Batez ere egunaren erdiko orduetan zakartuko da. Tenperaturak 5 eta 16 gradu artean ibiliko dira Gasteizen.

Antzera esnatuko da osteguna: goiz lanbroekin, eta egunean zehar hauts gandua mantentzeko aukerekin. Bezperan baino hodei gehiago izango ditugu zeruan, baina erdi eta goi mailakoak izango dira horiek. Arratsalde eta gau parterako, ordea, hodeitza dezente trinkotuko da, euria botatzeko aukerarekin. Halere, tenperaturek gora egingo dute, 7 eta 18 gradu artekoan geratuz.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago