Karmele Jaio idazleak Amets berriak kantari jarritako hitzek ondo islatzen dute Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean Gasteizen bizitakoa. Milaka lagunek bat egin dute eguneko ekitaldi nagusian, Katedral Berria eta Andre Maria Zuriaren plaza bitartean, 1976an Zaramagako San Frantzisko elizan Polizia Armatuak hildako bost lagunak eta ehunka zaurituak gogoan.
Lluis Llach abeslari katalanaren Campanades a morts ereserki ezagunak gidatuta egin du bidea jende oldeak hirigunean, Zigorgabetasunaren kontra, justizia. Egia, memoria, erreparazioa pankartaren atzetik. Martxoak 3 elkartea eta sindikatu nagusiak arduratu dira plazan bildutakoen mezuari ahotsa jartzeaz. Hamarkada hauetan nagusi izan den "zigorgabetasun eredua" gogor kritikatu dute, eta Trantsizio garaiko "isiltasun paktua" hautsi bada, herri mugimenduaren lanari esker izan dela nabarmendu. Sarraski honen "erantzukizun zuzena" bere gain har dezala exijitu diote Espainiako Estatuari.
Izaki Gardenak taldeak Herio abestiarekin zabaldu du ekitaldia, eta 1976ko martxoaren 5eko irudiak ikusi dira jarraian, Katedral Berriko hiletarenak. Jesus Fernandez Navesen hitzak entzun dira, "hildakoak gureak dira, Gasteizko herri osoarenak" esanez, eta plaza osoa gorazarre egiten, hildakoei ez ezik, borrokan jarraitzen duten bizidunei ere. Amparo Lasherasek hartu du hitza, martxoaren 3 hartan bizitakoak gaur egunera ekarriz, eta nabarmendu du nola garai hartan San Frantzisko Asis elizan egondako askok gaur egun ere aldarrikapenei eusten jarraitzen duten.
Abesti bat eta aurreskua eskaini dizkiete Martxoak 3 elkarteko kideei, eta martxoaren 3an eraildako langileei, eta Jon Maia bertsolaria igo da oholtzara. Errezitaldi hunkigarrian lotu ditu Forjas Alavesas eta Maderas de Llodio, garaiko langile auzoak eta egungoak, euskal herritar bihurtu ziren langileak, eta bihurtuko direnak.
Egungo egoerari begira, antolakuntza kolektiboaren garrantzia nabarmendu dute deitzaileek, "prekaritateari, ultraeskuinari eta zerbitzu publikoen pribatizazioari" aurre egiteko. Ildo horretan, martxoaren 17rako deituta dagoen greba orokorra ere gogorarazi dute, 1.500 euroko gutxieneko soldata eta "aberastasunaren banaketa zuzenagoa" eskatzeko.
Borroka eutsi zuten emakumeak gogoan izan dituzte sindikatuek. Gasteizko mobilizazioan, gainera, nazioarteko elkartasunarentzako lekurik ere izan da. Palestinako genozidioa, Saharako gatazka eta Kurdistaneko herria gogora ekarri dituzte. Ekitaldian argi utzi dute Martxoaren 3ko sugarra bizirik mantentzeak "herri hobea" egiten duela, eta borroka feminista, ekologista eta pentsiodunena 1976an hasitako bidearen jarraipena dela. Borroka da bide bakarra oihu artean eman diote amaiera urteurrenari.
Argazkiak: Ekaitz Anda.