Martxoak 3

Ekitaldi sorta 50. urteurrenean

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 2a

Hogei ekitaldi baino gehiago izango dira asteartean. Argazkia: E. ANDA / ALEA

"Herri mobilizazio handi" bat deitu dute, 18:30ean, Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Asteartean mende erdi beteko da Gasteizko historiako pasarterik lazgarriena gertatu zenetik, eta 50 urte geroago, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazio aldarria ozenago entzungo dira.

Goizean goizetik hasiko da Zaramagako monolitoan lore eskaintza; 8:45etik 15:00etara bitartean. Erakunde, alderdi eta sindikatu nagusiak igaroko dira bertatik: 9:15ean Eusko Jaurlaritza, 09:30ean Ahal Dugu, 11:00etan EAJ, 11:15ean PSE eta 14:00etan EH Bildu, besteak beste. Lore eskaintza hauek herritar partikularren eta elkarte desberdinen omenaldiekin uztartuko dira goiz osoan zehar.

Eremu instituzionalean, Gogora Memoriaren Institutuak ekitaldi berezi bat antolatu du 10:00etan Goiuri jauregian, Imanol Pradales lehendakaria buru dela, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Maider Etxeberria Gasteizko alkatearekin. Bien bitartean, gazte mugimenduak ere mobilizazioak deitu ditu; IASk eta GKSk manifestaziora deitu dute 11:30erako, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, eta Ikamak eta Ernaik 12:00etarako deitu dute, EHUko campusetik abiatuta. 

Arratsaldean, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek omenaldi nagusia egingo dute 17:00etan monolitoan. Nobedade gisa, aurten ez da egingo Zaramagatik erdialdera joan ohi den manifestazio tradizionala. Horren ordez, 18:30ean "herri mobilizazio handi" bat deitu dute Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Eguneko ekitaldi nagusia hantxe izango da, hainbat hitzartze eta zenbait artistaren emanaldiarekin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago