EHU hustu behar izan dute, barruan ke poteak bota dituztelako

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 2a

Hezkuntza komunitateko kideek kalera atera behar izan dute. Argazkia: JOSE ANTONIO PEREZ 𝕏 @joseanperez1965

EHUk "gaitzespenik irmoena" adierazi du Arabako campusean izandako istiluengatik. Ramiro Gonzalezek "neurriak" hartzeko eskatu dio errektoreari.

Arabako campuseko lau eraikinak hustu behar izan dituzte gaur goizean, ikasle talde batek modu koordinatuan campuseko lau eraikinetan ke poteak bota dituelako. Suhiltzaileak eta bestelako larrialdi zerbitzuak bertaratu behar izan dira campusera, EHUk berak deituta. 

Errektoretza taldeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du eraso horien harira, eta gogorarazi du leku itxi eta jendetsuetan ke poteak erabiltzeak "ondorio pertsonal larriak eragin" ditzakeela. EHUk bidalitako oharrak nabarmendu du istiluak martxoaren 3ko urteurrenaren bezperan gertatu direla. EHUren adierazpenaren arabera, ezin da onartu "protestarako eskubide legitimoa bahitua izatea" halako metodoen bitartez.

Errektoretza taldeak dio "aldarrikapenerako eta protestarako eskubidea beti defendatuko" dutela, unibertsitate "bizi, kritiko eta aktibo" batean sinesten dutela argudiatuz. "Baina jarduera hori pertsonak errespetatuz eta gizarte osoarenak diren ondasun publikoak zorroztasunez zainduta gauzatu" behar dela diote.

Jose Ramon Bengoetxea errektorearen gaitzespenari erreferentzia eginez, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "neurriak hartzeko" eskatu dio. "Campuseko segurtasuna eta bizikidetza ezin dira geratu adierazpen generikoetan", kritikatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago