Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Aviv talde israeldarrak Gasteiza etortzekoak dira datozen asteetan. Palestinarekin Elkartasuna plataformak bi partidak bertan behera uztea eskatu du, eta boikotera deitu du. Horrez gain, martxoaren 27an, Korrika Gasteiztik igaroko den egunean bertan, 18:30ean Iparralde gizarte etxetik abiatuko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute. Izan ere, martxoaren 27an izatekoa da Hapoel eta Baskoniaren arteko partida, eta apirilaren 7an Maccabirena.
Plataformak gogorarazi du iaz ere kaleak hartu zituztela, exijitzeko Maccabik Gasteizen jokatu zuen partida bertan behera gera zedila. Salatu dutenez, ezin dira kirola eta politika bereizi, bereziki, gainera, Israelgo taldeek nazioarteko txapelketetan parte hartzea "estatuaren irudi garbiketa" egiteko erabiltzen dutelako.
Antolatzaileen arabera, Israelek genozidioa egiten jarraitzen du palestinarren aurka, eta "su-etenaren" ondoren 600 palestinar baino gehiago hil dituela salatu dute. Talde israeldarren zuzendaritza eta jokalariak "estatu genozidaren enbaxadore" direla diote, eta okupazio armadarekin lotura zuzena dutela.
Plataformak erantzukizunak banatu ditu. Batetik, Euroligari, Israelgo taldeak lehiatzen jarraitzea baimentzeagatik. Bestetik, bertako instituzioei, Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udalari, ekimenak bertan behera uzteko duten eskumena ez erabiltzeagatik. Eta azkenik, Baskoniari berari, partidak ez jokatzea erabaki dezakeelako, baina "momentuz entzungor egin dielako" plataformaren eskaerei.
Bake faltsua
Horren aurrean, plataformak argi utzi du ez dutela onartuko "Israel normalizatzen duen ekimenik", eta boikoterako deia egin du. "Hustu dezagun estadioa, ikus dezatela Gasteizen ez dugula sionistarik ikusi ere egin nahi". Azken hilabeteetan, plataformaren ustez, "bake faltsu" baten diskurtsoa zabaldu da, eta Palestinako egoera agenda mediatikotik desagerrarazi nahi izan da. Horregatik, mobilizazioekin jarraitzeko beharra azpimarratu dute.