Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarrak bere ibilbideko bigarren Goya saria jaso du, Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren Los domingos pelikulan egindako lanari esker. 2021ean David Perez Sañudoren Ane pelikularekin lortutako sariaren ondoren, berriz ere Espainiako Zinema Akademiaren aitortza jaso du.
Lopez Arnaizek hunkituta hartu du saria Victoria Abril aktorearen eskutik, eta bere hitzaldian pertsonaiarekiko zuen lotura sakona azpimarratu du, pertsonaia hori "barruan nonbait zain zegoela" sentitzen zuela aitortuz. Aktoreak eskerrak eman dizkio Ruiz de Azua zuzendariari gizartean ezkutuan geratzen diren gaiak lantzeagatik, bereziki "haurtzaroko indarkeriei argia jartzeagatik".
Guztira, bost Goya eskuratu ditu Los domingos filmak -pelikula onenarena, besteak beste-, eta tartean Nagore Aranbururena taldeko emakumezko aktorerik onenaren sariarekin. Hunkituta, filmeko lantaldeari eta etxekoei eskaini die Aranburuk: "Ama, orain bai, ireki xanpain botila Azpeitin!".
Euskal Herrira etorri da gizonezko protagonista onenaren saria ere, Jose Ramon Soroizen eskutik, Maspalomas filmean egindako lanagatik. Homosexualitatea askatasunez bizi izan ondoren, 76 urterekin Donostiara itzuli eta ezkutatu egin behar duen Bixenteren papera egiten du Soroizek. "Oso zoriontsu egin nauzue, eta oxala munduko Bixente guztiak ere hala izatea".