Muga berriak zeharkatuko ditu Aldekoa ipuin literarioen jaialdiak

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 27a

Iban Zaldua, Ana del Val eta Enrique Uriarte, Aldekoa jaialdiaren aurkezpenean. Argazkia: AFA

Besteak beste, Uruguai eta Argentinako egileek parte hartuko dute martxoaren 10etik 14ra bitartean antolatu dituzten solasaldietan.

Hainbat nobedade dakartza hirugarrenez ospatuko den Aldekoa ipuin literarioen nazioarteko jaialdiak. Lehenengo aldiz, Gasteiz eta Laudio lotuko ditu, eta, besteak beste, Uruguai eta Argentinako autoreek parte hartuko dute kontakizun laburren inguruko saioetan. Martxoaren 10etik 14ra, askotariko proposamenak eskainiko ditu: literatura elkarrizketak, mahai inguruak, irakurketak eta ipuinen inguruko tailerra.

Ipar Euskal Herriko literaturak eta ipuingintzak, esate baterako, bere txokoa izango du EHUko Micaela Portilla ikergunean. Ur Apalategi, Itxaro Borda eta Xan Idiart idazleak arituko dira hizlari, Irati Majuelok gidatutako mahai inguruan.

Programazioaren gakoetako bat, halaber, hibridazio artistikoa izango da, literatura eta musika uztartuko dituen Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrietaren kolaborazioari esker, edota Jose Ovejerok gidatuko duen zinema eta literaturari buruzko saioarekin. 

Nazioarteko ahotsak

Aldekoa jaialdia inoiz baino "nazioartekoagoa" dela azaldu du Iban Zaldua ipuingintza jaialdiaren zuzendariak, besteak beste, Uruguaiko Fernanda Trias eta Argentinako Clara Obligado eta Valeria Correarekin, narratiba laburrari buruzko askotariko begiradekin. Manuel Rivas eta Juan Garzia bezalako egile erreferentzialak ere ez dira faltako aurten.

Gainera, 2025eko Aldekoa saria irabazi zuen Fernando Garrigaren Un bucle de tiempo lana aurkeztuko dute, eta 2025eko Aldekoa beka eskuratu zuen Ruben Sanchezek ere parte hartuko du programan.

Apustu "irmoa"

Itxuraz "xumea" den genero honek irakurlearen gogoan hazteko duen gaitasuna azpimarratu du Zalduak, merkatuaren zurrunbilo komertzialetik urrun, eta jaialdia bera ere xumetasun horretan bat datorrela gogoratu du: "Baita aurrera egiten jarraitzeko nahiarekin ere, eta, horretarako, egile ospetsuak erakartzen ditugu eta, aldi berean, ipuinaren tradizioa etengabe berritzen duten ahots berriak kontuan hartzen".

Jaialdiarekin egindako apustua sendoa dela nabarmendu du Ana del Val Kultura diputatuak: "Hiru edizio hauetan izandako hazkundeak erakusten du kontakizun laburrak eremu bizia eta garrantzitsua duela Araban, eta gure konpromisoak inoiz baino irmoagoa izaten jarraitzen du". Lehendabiziko aldiz, programazioa Laudiora zabalduko dute aurten, eta helburua hurrengo urteetan lurraldeko txoko gehiagotara hurbiltzea dela gogoratu du. 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago