Urtero, askotariko erakunde, alderdi eta sindikatuek deituta, omenaldiak pilatzen dira 1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak ehunka pertsona zauritu eta bost langile (Pedro Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda) hil zituen lekuan; bertan dagoen monolitoak gertakari latz horien oroitarri baten funtzioa betetzen du. Berrogeita hamargarren urteurrenarekin batera, monolito hori prestatu zuten protagonistetako batzuengana jo dugu.
Gertatu eta gutxira, lehen oroimen adierazpen espontaneoak agertzen hasi ziren, baina 1982. urtera arte ez zen jarri oroitarri finko bat. "Bururatu zitzaigun zerbait egin behar genuela, eta, denbora batez, kontuarekin bueltaka ibili ginen, sindikatuen artean adosteko", gogora ekarri du Forjas Alavesas enpresan lanean ari zen Jose Luis Serrano Txetxo-k. "Azkenean, bakoitzak bere proiektua zuen, eta guk erabaki genuen gure kabuz aurrera egitea, noiz edo nola egin behar zen guztiz zehaztu gabe".
Sarraskia gertatu eta sei urtera jarria zuten lehen oroitarri horrek, ordea, gutxi iraun zuen. "Uste dut LABekoek jarri zutela, eta porlanezko kubo baten antzekoa zela esango nuke". Halere, poliziek laster bota zuten monolito hori, testiguen arabera. "Nik ikusi nuenerako, lurrean botata zegoen". 1984ko urteurrenean, berriz, Serrano eta kideek erabaki zuten beren hasierako ideiarekin aurrera egin behar zutela. Serrano izan zen, hain zuzen, monumentuaren diseinua prestatu zuena. "Esango nuke El Papus edo antzeko aldizkari batean agertu zela atzamarrak moztuta zituen esku bat, eta hortik piztu zitzaidan niri ideia; hala, marrazteari ekin nion", ekarri du gogora. "Behin marrazkia eginda, poltsikoan neraman, eta monumentua egiteko nirekin ziren lankide guztiei erakusten nien". Jatorrizko marrazkia desagertu bada ere, Serranok dio 2003an Martxoak 3 elkarteak argitaratu zuen Hirunaka izeneko argitalpenean berak jatorrizkoaren kalko zehatz bat marraztu zuela.
Lan komuna
Monumentuaren prestaketari berari dagokionez, prozesua "umeen ipuinetan azaldu ohi denaren antzekoa" izan zela dio. "Batek hau egiten du, besteak beste hori egiten du...". Elkarlan horretan, Serranok aipatutako marrazkia egin zuen, eta "beste batzuei ondo iruditu zitzaien". Langile batzuek burdinazko barrak prestatu zituzten, eta, Forjas lantegitik atera zituzten. Ondoren, Gamarrako beste lantegi batean egin zuten soldadura.
Tomas Martinez de Agirre Tomasín-ek ez zuen parte hartu monolitoa jarri zeneko ekintzan, baina Serranok aipatutako ipuin itxurako prozesu horretan parte hartu zuen, monolitoa jartzeko materialen bilketan ibili zelako. Hark ere Forjasen lan egiten zuen. "Zenbait lankiderekin materiala bildu nuen: nire parte hartzea ez zen oso konplikatua izan". Enpresa batzordean egondakoa zen Martinez de Agirre, ESK-CUIS sindikatuan. "Eskultura modu klandestinoan egin zen, gaueko txandetan, eta gero fabrikatik atera zuten".
Jartzerakoan, Serranok dio ez dela oso ondo oroitzen nola gertatu zen, baina, azkenean, monolitoa bere lekura iritsi zen, prozesuan jende askok parte hartu zuelarik. "Jarri genuen eguneko oroitzapena da guztiok oso urduri geundela. Furgoneta batean etorri zen porlana. Ordurako oso garbi geneukan kontua ezin genuela prestatu ohiko porlanarekin, eta, horregatik, baten bati otu zitzaion porlan azkarrarekin prestatzea. Ez genekien horren azkarra ote zen, eta, esan bezala, oso urduri geunden".
Babesteko txandak
Langileak oroitzen ziren jarri zuten lehen monumentuak gutxi iraun zuela, eta, horregatik, argi zuten txandak egin behar zituztela monumentu berria babesteko, porlana trinkotu arte."Zaintza txandak egin genituen, bota ez zezaten", aipatu du Joseba Marijuanek. "Zaramagan bizi ginenoi txanda gehiago egokitu zitzaizkigun, noski, eta hor mantendu ginen, gure artean hizketan". Marijuan izan zen, hain zuzen ere, urte bat geroago jarri zuten plakaren moldea prestatu zuena.

Serranok ere gogoan du hori jarri zutenekoa. Ordurako, bestelako giroa sumatu zuen. "Oroitzen naiz Polizia etorri zenean, ez genuela ezta korrikan ateratzeko beharrik izan. Plaka jartzen ari ginenean, NANak eskatu zizkiguten, eta eman genizkien. Poliziaren irratian entzun nuen 'hauek zuriak dira' esaten zutela. Beren arteko kode bat izango zen, noski". Aranzabal enpresan lan egiten zuen Eusebio Diaz de Garayok prestatu zuen plaka. "Garai horretan, ia egunero bilera genuen, eta adostu genuen plaka jartzea. Joseba Marijuan modelistak egurrezko eredua prestatu zigun, eta, gauean, Vadillo deitzen zen lankide batek eta biok urtu genuen". Dioenez, handik hilabetera edo, enpresako nagusiak horren berri izan zuen. "Esan zidan hori egin nuen momentuan enteratu izan bazen, kaleratuko ninduela. Ni orduan langile batzordean nengoen, eta erantzun nion ez zela hori egitera ausartuko. Izan ere, Martxoak 3arekin lortu genuen pertsona gisa tratatuak izaten hastea".
Dioenez, lankide batzuei zigorra jarri eta gutxira, bulegora igo eta nagusiari esan zion zigor horiek kendu ezean, lantegia geldiaraziko zutela. Grebara jotzea ohiko tresna zen orduan. "Lauretan langile guztiak patiora atera, eta ordu Garaiko gertakari latzak errotik finkatuta dituzte oroimenean protagonistek. erdian zigorrena konponduta zegoen". Buruan ditu langileen antolaketari esker eskuratutako lorpenak. "Handik urtebetera soldata %19 igotzea lortu genuen, eta hurrengo urteetan %18 eta %17. Eta urte batean 40 lan ordu kentzea lortu genuen. Beste horrenbeste jaiotzagatik, egun bat izatetik hiru izatera, eta berdin ebakuntzen baimenekin. Eta hilabete bateko oporrak lortu genituen ere!", esan du. Orain giroa "oso bestelakoa" dela sinetsita dago erretiratua. "Errespetatu zaitzatela lortu behar da".
Kontakizunaren gaineko tirabirak
Arlo honetan ere, azken hamarkadetan gertatu denari buruzko kontakizunaren gaineko borroka puri-purian dago orain, baina hau ez da kontu berria. Demokraziaren lehen urteetan askotariko desadostasunak egon ziren indar politiko eta sindikalen artean; hasieran, langileen antolakuntzaren inguruan izan ziren ika-mika horiek, baina gero urtez urte martxoaren 3aren inguruan omenaldiek izan behar zuten izaerari buruzko eztabaida ere abiatu zen, desadostasun ugari sortuz. Batzuek langile borrokara eta askatasun demokratikoak ziurtatzera mugatu nahi zuten egun horretako aldarrikapena, baina, garaiko prentsak eta testigantzek jasotzen dutenez, beste hainbat sektorek horretaz haragoko aldarrikapenei ere tokia egin zieten, oro har, gaurdaino euskal gizartean eta mugimendu sozialetan askatu ez den korapilo ezagunean sakonduz.
Testuinguru horretan, eta omenaldietan askotariko alderdi eta sindikatuek tokia hartu duten egun hauetan, Joseba Marijuanek uste du orain "argazkia ateratzera hurbiltzen diren asko insolidarioak" direla "Martxoak 3arekin", eta elkartea bera "gutxietsi" egin dutela. Argudio hori argitzeko eskatuta, Marijuanek "sarraskiaren erantzule izan ziren enpresariak, gobernua eta instituzioak" aipatu ditu. Haren aburuz, eragile hauen guztien "eguneroko praktikak gizartearen kudeaketari buruz ez dira desberdintzen 1976an mobilizatu gintuzten praktiketatik", eta, "langile borroka berriro agertzen hasi den honetan" eragile horiek "berriro egingo lukete" sarraskia, "beren interesak gutxiagotuak izanez gero". Hortaz, Marijuanek uste du "ez luketela omenaldietara agertu behar". Are, Marijuanek dio hori lortzen saiatzeko berak Martxoak 3 elkarteari proposatuko diola monumentuaren izena aldatzea, "50 urte hauetan mantendu den errepresioaren eta borrokaren sinbolo bilakatzeko".

Ohiko lehia politikoez harago, oro har, monolitoari lotutako protagonistek duela mende erdi gertatutakoaren oroimena errotik finkatuta dute buruan. Hala, Serranok nabarmendu du "polizien aurreko korrikaldiekin eta beldurrarekin" ere prozesuan parte hartu zuela, 23 urte eskasekin. "Hor geunden, taldean, eta elkar babesten genuen". Forjas enpresan aldi baterako zeuden sei langileetako bat zen, baina "beste ezein langile bezala parte hartzen genuen asanbladetan: edozein arazo izanez gero, beste edozein langile bezala babestuko gintuztela jakin bagenekielako". Egun oso zailak izan zirela dio. "Pentsa zenbat denbora igaro behar izan den bertatik pasatu eta normaltasunez argazki bat egitea posible izan den arte. Bazen garaia!", poztu da.
Martinez de Agirre goizeko manifestazioetan egon zen, orduko Villarreal Atarian, eta, kideekin, denbora bat eman behar izan zuen pisu batean ezkutatuta. Gero, arratsaldean, kristal bat apurtu eta oso goiz atera ziren San Frantzisko elizatik, beldurtuta. "Lehen saiakera batean, pistola eskuan zeraman polizia bat ikusi genuen, eta atzera egitea erabaki genuen. Baina bigarren saiakera batean erabaki genuen ateratzeko ordua zela, ezein gauza pasatuta ere, gauzak oso konplikatuta ipintzen ari zirelako".
Diaz de Garayoren kasuan, elizaren atean [Paco] "Lecuona, UGTko beste bat eta hirurok geunden". Gogoan du nola agindu zieten ateratzeko, eta eurak ezetz, apaizaren baimena zutela, ez zirela ezer txarrik egiten ari. "Poliziak atera ziren, baina handik hamar minutura berriro sartu ziren, armekin eta ke poteekin. Tiroka hasi ziren... jendea garrasika... oso latza izan zen".