DHL Mercedes enpresako zuzendaritzak bajan zeuden bi langile kaleratzeko proba bila detektibe pribatuak erabili izana gaitzetsi du ELA sindikatuak. Egoera horren aurrean protesta egiteko eta kaleratutako langileak berriz kontratatzeko bigarren lanuzte deialdia izan dute gaur enpresan.
Ohar batean, sindikatuak dio ez dela "etikoa" detektibe pribatuak erabiltzea bajan dauden langileak ikertzeko. Sindikatuaren aburuz, praktika horrek suposatzen du "enpresaren diziplina boterea lantokietatik kanpo hedatzea"; are, sinetsita daude hori "langileak beldurtzeko" egin dutela.
Ustezko lan iruzurren aurrean, sindikatuak dio ikerketa abiatu beharrean enpresak "laneko prebentzioan eta osasunean inbertitu" behar duela. Lanuztera deitzeko egindako kartelean, enpresa batzordeak detektibe eta drone bana irudikatu du, jolas parke batean ume batekin kulunkan jolasean dagoen gizonezko bati argazkiak egiten.