Arabako hiriburuko bizitza politiko soziala markatu zuen prozesua eta memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren egunak bildu ditu Jon Martinez Larreak (Gasteiz, 1983) Martxoak 3 liburuan. Indarkeria polizialaren zigorgabetasuna erakustearekin batera, alternatiba demokratizatzaileak bazeudela azpimarratu nahi izan du.
Martxoaren 3ko gertakariei zer ekarpen berri egingo die liburu honek?
Orain arte, Martxoaren 3ko memoria sarraskiarekin lotuta egon da gehienbat, batez ere instituzioen partetik. Horrek ekarri du, adibidez, gertakarien aurretik egon zen greba prozesu osoa ahaztuta egotea. Nire helburua fokua zabaltzea izan da, eta nabarmentzea Martxoaren 3a ez zela gertakari isolatu bat izan. Trantsizio prozesuan indarkeria poliziala "eguneroko ogia" zen. Poliziaren indarkeria erreminta bat zen Trantsizioa bera ez desbideratzeko eta edozein haustura saihesteko. Horregatik, sarraskiaz hitz egiteaz gain, ezinbestekoa da aurreko hilabeteetako borroka hura guztia gogora ekartzea.
Zein artxibotan arakatu duzu informazio bila?
Denetarik egon da. Alde batetik, artxibo lan sakona egin dut Araban, batez ere Arabako Artxiboan, Gobernu Zibilaren funtsa aztertzen. Baina Arabatik kanpoko beste artxibo batzuetan ere izan naiz. Lazkaoko artxiboan, esaterako, edo Alcala de Henareseko (Espainia) Largo Caballero artxiboan, UGTren funtsa duena, eta beste hainbatetan. Horrez gain, elkarrizketak egin ditut, orduko prentsa irakurri dut eta orain arte argitaratutako bibliografia guztia kontsultatu dut lan honetarako.
Oraindik badaude sekretupean dauden agiriak, ezta?
Esango nuke baietz, oraindik asko daudela Madrilen. Sekretu Ofizialen Legea dago indarrean, eta 50 urte bete behar dira artxibo batzuk kontsultatu ahal izateko. Agian orain da garaia horiek guztiak argitara ateratzeko.
"Memoria gero eta hegemonikoagoa da Gasteizen, baina gatazkatsua izaten jarraitzen du"
Hurrengo martxoaren 3a izan daiteke egun hori?
Izan daiteke, eta gustatuko litzaidake. Ziurrenik gauza asko suntsituko zituzten garai hartan, baina ez dakigu. Ez litzateke gertaera nagusien mamia aldatuko, beharbada, baina xehetasun garrantzitsuak emango lituzke. Agian jakingo genuke nola antolatu zen Polizia egun hartan, greban zehar zer agindu jaso zituzten, eta ez Arabako Gobernu Zibiletik bakarrik, baita Espainiako Gobernutik ere. Segur aski, gauza asko daude oraindik argitaratzeke.
Aste honetan aitortu ditu Martxoaren 3ko zenbait biktima Espainiako Gobernuak, eta izendatu du Zaramagako San Frantzisko eliza memoria gune.
Balorazio positiboa egin behar da, dudarik gabe. Baina egunera arte ez da aldatu bertsio ofiziala, garai hartako bertsioa mantentzen dute, eta agian bada garaia Espainiako Gobernutik adierazpen bat egiteko, duela 50 urte esan zuten hori guztiz gezurra zela esateko.
Zergatik da horren zaila oraindik erantzukizuna onartzea eta adierazpena egitea?
Trantsizio bakezalearen mitoa dago gure artean oraindik, nahiz eta gero eta arrakalatuagoa egon eta kritikak egon, instituzioetan mantendu egiten da, oraindik ere ez da aldatu. Martxoak 3, 1978ko San Fermin... gertakari asko dago argitzeke, eta, batez ere, bertsio ofiziala zalantzan jartzeko unea dela esango nuke.
Gasteizek, bere aldetik, pausoak eman ditu?
Martxoaren 3ari buruzko memoria gero eta hegemonikoagoa da Gasteizen, baina aldi berean gatazkatsua izaten jarraitzen du. Askorentzat deserosoa izan da; hausturarekin zuen harremana Martxoaren 3ak, eta horregatik sektore hausturazaleek mantendu dute oroimena. Urte askoan guztiz ahaztuta izan da instituzio eta sindikatu handien aldetik, eta esango nuke funtsezkoa izan dela Martxoak 3 elkartearen sorrera, ondorengo urteetan nabaritu egin baita aldaketa.
Liburuan greba mugimenduan jarri duzu fokua, batez ere.
Uste dut funtsezkoa dela ezagutzea nola, ordura arte hiri lasaia zirudiena, bi hilabete eskasean guztiz aldatu zen, eta eredu asanbleario batetik abiatuta. Hasieran lantegietan zeuden arazoak, baina pixkanaka sistema osoaren kontrako borroka izan zen; prentsaren kontra, Sindikatu Bertikalaren kontra, egitura guztien kontra.
Zerk piztu zuen sua?
Ez da erraza arrazoi bakarra ematea hasieraren inguruan. Inguruko hiriburuetan greba asko egon ziren aurreko urteetan, eta Gasteizen ere bai, adibidez Michelinen izan zutena, 1972an. Baina 1976an ere gauza asko batu ziren; batetik, Franco hil berria zen eta horrek espektatiba bat ireki zuen; beste alde batetik, petrolioaren krisia zegoen eta bizitzaren kostua asko igo zen. Gainera, Gasteizen ez zegoen erakunde antifrankista hegemoniko bat, baina talde asko zeuden, batez ere ezker muturrekoak. 1974an sortutako Gasteizko Langile Koordinadora izan zen talde horien guztien bilgunea, eta horrek eman zion egitura grebari; beharrezkoa izan zen greba aurrera ateratzeko batasun bat edukitzea, eta eredu asanblearioak balio zuen batasun hori mantentzeko. Desberdintasunak egon arren batzordeen artean, bazegoen greba aurrera ateratzeko ahalegin bat. Hala ere, gertatu zena inork ez zuen espero, hain erradikala eta gogorra izatea.
Botere harremanetan aldaketa ekarri zuen prozesu honek, zuzendaritza eta langileen artean?
Esango nuke baietz. Batez ere greba ostean beharginak lanera itzuli zirenean, testigantzetan esaten dutenez; langile askok diote itzuli zirela ia fabrikaren jabeak balira bezala... Patronalaren aurrean negoziatzeko baliabide berriak sortu ziren, eta Sindikatu Bertikala ia desagertuta geratu zen Gasteizen, ofizialki urtebete geroago desegin bazen ere.
"Trantsizio bakezalearen mitoa dago oraindik, nahiz eta arrakala gero eta gehiago izan"
Besteak beste, Imanol Olabarria langileak esandakoa jaso duzu: "Komunitatean jaten den baratxuri zopak isilpean jaten den txuleta batek baino gehiago elikatzen du".
Berak esaten du, baina beste testigantzetan ere argi ikus daiteke ideia hori, asanbladetako akta edo elkarrizketetan. Hasieran arazoa ekonomikoa zen, baina denborarekin, eta kaleratzeak eta atxiloketak tartean, lehentasunak aldatu ziren, eta kontzientzia politikoa areagotu. Langileek zioten arazoa ez dela 5.000 pezeta gehiago lortzea, baizik eta langile bezala zuten indarra azpimarratzea. Esaterako, patronalak ordura arte eskaintzen zuen soldata igoera portzentualaren aldean, igoera linealak langileen arteko arrakalak murriztu zituen, eta horrek osagai politiko handia zuen.
Borroka hartan emakumeak ere protagonista izan zirela nabarmendu duzu.
Funtsezkoa izan zen emakumeen borroka, eta bi eremutan banatuko nuke. Alde batetik, grebalarien emazteak zeuden; poltsa hutsekin egindako martxak oso ikonikoak izan ziren gizarteari grebaren ondorioak erakusteko. Pixkanaka autonomia hartu zuten, eta haurtzaindegiak edo Gizarte Segurantza bezalako aldarrikapen propioak plazaratu zituzten. Bestetik, Areitioko langileak aipatu behar dira, gehienak emakumeak, soldata arrakala mahai gainean jarri zutenak.
Protestak lurralde osora zabaldu ziren?
Bai, eta hori ez da oso ezaguna. Agurainen, adibidez, Orbegozo bezalako lantegietan grebak eta protestak egon ziren, baita sarraskiaren ostean ere. Besteak beste, Aiaraldean lau eguneko greba indartsua egon zen; langile mugimendua indarrez atera zen kalera lehen aldiz zonalde horietan.
Prentsa lokala ere agerian uzten duzu liburuan. Nolako funtzioa izan zuen?
Patronalaren alde lerratu zen hasieratik, eta, era berean, arabartasunaren mitoaren defentsa irmoa egin zuten; haientzat Gasteiz hiri lasaia eta kontserbadorea zen, eta ez zeukan harremanik gizarte gatazkekin. Ez zuten ulertu edo ez zuten ulertu nahi izan Gasteiz aldatu egin zela.
'Martxoak 3. Greba, sarraskia, memoria' (Txalaparta) liburua. Argazkia: A. AMENABAR / ALEA