Tonyk 9 urte zituen armada britainiarrak bere aita, Patrick J. Doherty, hil zuenean Derryn, Ipar Irlandan, 1972ko urtarrilaren 30ean, beste hamahiru pertsonarekin batera. Erresuma Batuko Gobernuak militarren ekintzak ezkutatu zituen eta hildakoei leporatu zien heriotzen errua. Dohertyrekin hitz egin dugu sarraskiaren memoria nola piztu zuten ezagutzeko. Aurrerapauso asko eman dituzte ordutik eraildakoen senide eta lagunek, baina "bide iluna" ere izan da aitortzarako bidea, oztopo ugari gainditu behar izan dituzte. Memoria lanetara bideratu du Tony Dohertyk bizitzaren zati handi bat, Free Derryko museoa altxatu zuten, eta hainbat liburu idatzi ditu bere bizipenen inguruan. Martxoak 3ko sarraskiarekin lotura argia dute bere lanetako askok, eta Euskal Herrian izango da datozen egunetan. Larunbat arratsaldean Martxoak 3 elkartearen ekitaldian hartuko du parte, eta igandean Otxandio eta Gernika bisitatuko dituzte.
Zein da zure lotura Bloody Sundayko sarraskiarekin?
Nire aita izan zen erail zituzten pertsonetako bat Bloody Sundayn. Bera mobilizazioetan laguntzen zebilen. Behin tiroketak hasi zirenean, tiroen bidetik aldentzen saiatzen ari zen aita, leku segururen baten bila. Eta armada britainiarreko soldaduek tiro egin zioten, 30 bat metroko distantziara, atzetik. Berehala hil zen, lekuan bertan. Bera izan zen egun hartan hildako hamahiru pertsonetako bat. Batzuk gizonak ziren, batzuk mutikoak. Nik bederatzi urte nituen orduan, eta Bloody Sundayren herentziarekin hazi nintzen. Pixkanaka joan behar izan nuen argitzen aitaren heriotza ekarri zuten gertakariak.

Prozesu bat izan da informazio eta memoria hori berreskuratzea.
Bai, guztiz. Gobernu britainiarrak berehala esan zuen eraildako gizon eta haurrak IRAren kanpaina bateko kideak zirela, armatuak zihoazela, lehergaiak zituztela eta aktiboki eraso egiten aritu zirela soldadu britainiarrei. Bertsio hori oso azkar zabaldu zen mundu osora. Ikerketa bat abian jarri zuen gobernuak, heriotzen testuingurua argitzeko, baina ikerketa batzorde hori erabateko aurpegi zuriketa bilakatu zen. Hildakoak jo zituzten beren heriotzen erruduntzat, eta soldaduak errugabetu eta justifikatu egin zituzten guztiz, dena ondo egin izan balute bezala. Ez zen ikerketa kriminalik egon. Zaila da sinisten, gaur egun ere, ikusita zein gertakari izugarri eman ziren bertan. Erabaki zuten, edonola ere, ez zutela ikertuko. Beraz, ez zen froga kriminalik bildu, ez zen prozesu forentserik egon. Ez zen inoren adierazpenik jaso, soldaduenez aparte. Gertakariei buruzko egia hil egin zuten, gertatu eta hurrengo egunetan, eta hala mantendu zen 90eko hamarkadaraino, hogei urte baino gehiagoan.
Nola bizi izan zineten hogei urte horietan, Erresuma Batuko Gobernuaren bertsio ofizialaren pean? Izan zenuten babesik?
Ikerketaren emaitzak argitaratu ostean, 1972ko apirilean, auzia itxita gelditu zen. Familiak gure kasa utzi gintuzten, ahal bezala aurrera egiten, ez genuen Estatuaren babesik batere izan. Gizartearen babes handia jaso genuen, hori bai. Baina familien aurka egin zuen Erresuma Batuko gobernuak. Nahiago zuten pentsatu hildakoak IRAko kideak zirela, eta ondorioz gure familia, eta beste guztiak, susmagarri bihurtu ginen. Eta hala jokatu zuten aurrerantzean; gure etxean maiz egiten zituzten sarekadak, izan armadak edo poliziak. Eta gu hazi ginen hiria, Derry, okupatua zegoen, gerra egoeran.
"Erailketak gertatu ziren eta inork ez zuen egun bat ere eman kartzelan"
Zein ondorio izan zituen Bloody Sundayko sarraskiak?
Bloody Sundayren ostean ehunka gazte sartu ziren IRAn. Eta gatazka areagotu egin zen, ordura arte bizi izan gabeko maila bateraino. 1972 gatazkako urte okerrena bilakatu zen, ekintzak, heriotzak, zaurituak eta leherketak kontuan hartuta. Testuinguru horretan hazi nintzen ni. Gure belaunaldian haserre asko sortu zuten gertakariok. Bagenekien zer egin zuen Estatuak, zer egiteko gai zen, eta nola aritu zen gezurretan, baita hildakoei buruz ere. Irudi beltza sortu zuen guzti horrek. Askok amaitu genuen gero kartzelan. Bloody Sundaytik bederatzi urtera, hain justu, 1981ean, kartzela britainiar batean amaitu nuen IRAko nire jardueragatik.
Nola lotzen duzu IRAko kide izatea aitaren heriotzarekin?
Beno, ez da sorpresa bat izango entzutea zuzen lotuta daudela, Bloody Sundayn nik eta familiak bizitakoa, eta nerabea nintzenean IRAn sartzeko nuen desira. Gazteegia nintzen oraindik, 16 urteak arte itxaron behar zelako IRAn onartua izateko. Pazientzia handia izan nuen, eta azkenerako lortu nuen sartzea, 1980an. Ondoren, 1981eko martxoaren 1ean kartzelara sartu ninduten, Bobby Sandsek gose greba hasi zuen egun berean.

Hogei urtez isildua egon bazen ere, egun oso ezagunak dira Bloody Sundayeko gertakariak. Nola hasi zineten memoria lan hori egiten?
Familia asko isiltasun luze batean sartu ziren 1972eko urtarriletik aurrera. Ulergarria da, askok ez zuten etxean gaia ateratzen, beldur zirelako haien haurrak IRAn sartuko zirela. Eta justiziaren gaia ateratzea zaila zen gatazkan zehar, ezin genuen gerraren lainoa zeharkatu. Ekintzak zeuden bitartean, gatazka areagotzen, jendea kartzelan, eraildakoak bi aldeetan… ez zen gure kezka azaleratzeko momentua. Ni kartzelatik atera nintzenean Bloody Sundayko familiak aktibatzen saiatu nintzen. Askok zuten interesa, berdina sentitzen genuelako. Baina ez genekien zer egin horrekin. Politikoki aktiboak ginen, baina ez genekien kanpainarik egiten. Sarraskiaren 20. urteurrena baliatu genuen gaia berriz pizteko, eskubide zibilen mugimendua eta justizia eskakizunak berriz altxatzeko. Eta nazioartera zabaldu ginen, munduko txoko ezberdinetako jendea ekarri genuen 1992an Derryra; Nelson Mandela, adibidez, kartzelatik kanpo urtebete baino gutxiago zeramanean. Kontziente ginen nazioarteko maila altuko profilak behar genituela, gobernu britainiarraren narratibaren aurka lehiatzeko.
Nola lehiatu zitekeen narratiba hori?
Urteurrenaren ostean familia gehienak batera hasi ginen lanean. Lehen pausoa izan zen gobernuak garaian egindako ikerketa baliogabetzea. Baina ukiezina zirudien, helburuak idazten ari ginenean ere, lortzeko oso zailak ziruditen eskakizunek. Ikerketa zaborretara botatzeko eskatzen genuen, eraildako eta zauritutako guztiak errugabe izendatzea, eta erailketen erantzule zirenak epaitzea. Horiek ziren gure hiru helburu umilak, garai hartan. Kosta zitzaigun hala ere babesa lortzea garai hartan, adibidez, Eliza katolikoaren aldetik edo hegoaldeko Irlandako gobernuaren aldetik. Baina horrek gure determinazioa areagotu zuen. 1994en IRAren su-etena eman zenean, argi gelditu zen garrantzia handia izango zuela justizia bilatzeak, gobernu britainiarrak gatazkan zehar egindako guztiagatik. Eta egun batetik bestera Bloody Sundayren gaia lubakitik atera zen. Kanpaina handia egin genuen, etxean eta nazioartean, eta azkenerako hedabide britainiarretan inork ez zigun aurre egiten. Irabazi genuen.
Zertan ikusi zen garaipen hori?
Gobernu britainiarrak bigarren ikerketa bat abiatu zuen Bloody Sundayri buruz. Inoiz gertatu gabe zegoen hau Erresuma Batuko legeen historian. Alde batera utzi zituzten aurreko ikerketa judizialaren aurkikuntzak, eta bizitza propioa hartu zuen ikerketa berriak. Halako ikerketek epaile bakarra izaten zuten, baina ez ginen epaile britainiarrez fio, eta lortu genuen hiru epaile sartzea, Kanada eta Zeelanda Berriko epaile bana gehituta.
Garrantzitsua izan zen kanpoko epaileak sartzea?
Hori gertatu izan ez balitz ez luke zentzurik izango bigarren ikerketa egiteak, oso argi utzi genuen hori. Hamabi urte behar izan zituzten ikerketa amaitzeko. Derryko ehunka pertsonarentzako lehen aukera izan zen haiek ikusitakoa kontatzeko, lehenago inoiz galdetu gabe zeudelako, eta oso garrantzitsua izan zen hori. 2010ean argitaratu zituzten ikerketaren emaitzak, eta ikusi ahal izan genuen gure senideak errugabe izendatu zituztela. Argi gelditu zen hilketen eta zaurituen erantzuleak Paraxutisten Erregimentuko kideak zirela. Buelta eman zitzaion guztiz aurreko bertsioari. Egun hartan bertan David Cameron lehen ministroak hitz egin zuen Komunen Ganberan, eta barkamena eskatu zuen armada britainiarraren izenean, egun hartan egindakoengatik. Lehen aldiz eskatu zuen barkamena Britainiak Irlandan egindako zerbaitengatik, XIII. mendetik gertatu gabe zegoen. Aurrerapauso ikaragarria izan zen guretzat.
Baina alde txarrak ere izan zituen ikerketak.
Bai. Ez dut esan nahi ikerketa guztia onargarria zenik, bazituen gustatu ez zitzaizkigun alderdiak ere. Ez zuten argitu sarraskia egiteko agindua nondik zetorren, aginte militarraren katean edo aginte politikoan, ez zen horretaz ezer aitortu. Argi gelditu zen hau kontserbadoreek aurrez planifikatutako zerbait izan zela.
Sarraskitik ia 40 urtera gertatu zen hau. Posible da halakoetan justizia egitea?
Justizia gauza pertsonala izaten da batzuetan. Familia askorentzako, justizia, egia jakitea bilakatu zen. Garrantzi handia izan zuen errugabe izendatzeak, eta lehen ministroaren barkamen eskaerak. Aurrekaririk gabeko zerbait zen, eta atmosfera berezi bat sortu zuen Irlandan. Baina zein da errealitatea? Erailketa guzti hauek gertatu ziren eta inork ez zuen horregatik egun bat eman kartzelan. Inori ez zioten erailketarik leporatu. Bazegoen soldadu bat, ikerketaren arabera bost pertsona hil eta beste bost zauritu zituena hamar minutuko epean. Horietako bat nire aita, beraz, badakit nork hil zuen nire aita. Bera auziperatu zuten 2019an, bi erailketagatik soilik, ez nire aitarenagatik. Epaiketa egin zen, baina absolbitu egin zuten. Bertan geunden epaia atera zenean, oso etsigarria izan zen. Azken finean, gatazkan parte hartu zuten epaileak ere estatu aparatuaren parte ziren, errepresioaren parte, armada eta polizia bezala.
Nahiz eta soldadu hori epaitu zuten, ez da ezer egin aginduak eman zituztenen ardurari dagokionez?
Ez. Eta kontuan izan behar da Bloody Sundayko soldaduak esperientzia handikoak zirela, ez ziren hasiberriak. Bazekiten zertan ari ziren, kontrolpean zuten egoera, ez zen haien akats bat izan. Eta aginduak eman zituztenei buruz, hori izan zen guretzako ikerketaren akats larrienetakoa. Argi eta garbi aginte kate bat zegoen, agintari militarrak Derryn bertan bilduta zeuden egun hartan, eta katean are gorago agintari politikoak zeuden.

Nola uste duzu landu behar dela halako gertakarien memoria?
Denbora pasatzen da, baina egiak berdin irauten du. Familien lana ezinbestekoa izan da. Eta gure artean batasuna izatea, kausa berdinaren alde egitea, oso garrantzitsua da halako kanpainak mantendu ahal izateko. Gu ari gara hildakoen partez hitz egiten, hori da gure rola. Laguntza profesionala ere izan genuen, eta hori da emango nukeen aholkua: gauza asko egin ditzakezue zuek, baina gehiago dakitenen laguntza eskatzea beharrezkoa da, elkartasuna garatu ahal izateko. Asko ikasi dugu, nola elkarrekin lan egin, nola helburua argi izan, eta nola mantendu sendo, askotan bidea iluna izaten baita. Espiritu horretan joango naiz martxoaren 3ko omenaldira aurten Euskal Herrira. Ekintzak eta elkartasuna ez dira inoiz amaitzen.
Halako memoria ekimenetara gehiengoa batzen denean, salatu izan da jatorrizko zentzua galdu dezakeela. Zer lotura izan behar da hildakoak oroitu eta haien aldarrikapenak oroitzearen artean?
Halakoetan, familien eta inguruen rola ezinbestekoa da, hori da niretzat garrantzitsuena. Ez zait inporta mundu guztiak aldarrikatzea, betiere arrazoi egokiengatik egiten ari badira. Baina familiek eta haien babes eremuek mantendu behar lukete kontrol osoa. Bestela memoriaren integritatea galdu daiteke oso erraz.
Zein da zure lotura Martxoaren 3ko gertakariekin, edo hemengo memoriaren aldeko ekintzaileekin?
Askotan egon izan naiz Euskal Herrian. Azken aldiz 2011n, 35. urteurrenean. Familietako batzuk ezagutu nituen orduan, eta txundituta gelditu nintzen, zer determinazio zuten egia azaleratzeko, argitzeko zer gertatu zitzaien haien senideei Gasteizko sarraskian. Kidetasun handia dut euskal jendearekin. 1992an egon nintzen lehen aldiz, guk gure kanpaina abiatu genuen urtean. Maite dut hemengo jendea, hemengo borroka, eta elkartasuna.
