"Maila goreneko" adierazpen baten zain

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 26a

Eredutzat jarri dute Erresuma Batuko gobernuak egindako aitortza. Argazkia: MARTXOAK 3 ELKARTEA

Madrilek biktimei "erantzun positiboa" eman diela dio Martxoak 3 elkarteak, baina, halere, lortu nahi dute "Estatuak duen erantzukizun nagusi eta zuzena ofizialki" aitor dezala.

Iazko ekainean ekin zion Martxoak 3 elkarteak 'Estatua erantzule' izeneko kanpainari, Sanfermines 78 Gogoan elkartearekin batera, "espainiar inpunitatearen eredu jasanezina" salatzeko. Elkartearen izenean, Andoni Txaskok eta Nerea Martinezek jakinarazi dute Madrilek "erantzun positiboa" eman diela bi elkarteek batera egindako aitortza eta erreparazio eskaera guztiei. Orotara 39 biktima dira, tartean Gasteizen, Tarragonan, Basaurin, Iruñean eta Donostian hildako bederatzi lagun. 

Alorreko ministroaren izenean gutun bidez biktimei egindako aitortza horretatik harago, elkarteko kideek ohartarazi dute abian duten ekimen hori ez dela Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legean jasotako prozedurara mugatzen, eta lortu nahi dutela gertakarietan "Estatuak duen erantzukizun nagusi eta zuzena ofizialki" aitor dezala. Diotenez, Espainiako gobernuak oraindik ez dio erantzun eskaera horri. 

Eredutzat jarri dute 2010ean Erresuma Batuko gobernuak 1972an Irlandako 'igande odoltsuan' izandako hilketen erantzukizuna bere gain hartu zuela; norabide horretan, iragarri dute Irlandan egun horretan soldaduek hildako hamalau biktimen senideen ordezkaritza bat berriro etorriko dela Gasteizera, omenaldi ekitaldietan parte hartzera. "Ohore bat da aurten gure anai-arreba irlandarrak berriz ere gurekin egotea aldarrikapen honetan laguntzeko" esan du Martxoak 3 elkarteak. 

Espainiako gobernuari "maila goreneko adierazpen ofizial bat" egiteko eskatu diote

Iragarri dute ere Legebiltzarrean aurkeztuko dutela orain arte hainbat udalerritan EAJ, EH Bildu, Geroa Bai eta Elkarrekin talde politikoen babesarekin norabide horretan aurkeztu duten proposamen bat. Horretan lortu nahi dute Estatuak adieraztea "erantzukizun nagusi eta zuzena" daukala duela 50 urte Polizia Armatuak egindako hilketetan, eta eskatzen diote Espainiako presidenteari "maila gorenean adierazpen ofizial bat" egiteko. 

Ohi bezala, askotariko omenaldi eta ekitaldiak izango dira Gasteizen, hainbat alderdi, sindikatu eta eragilek deituta. Martxoak 3 elkarteak egindako deialdiei dagokienez, martxoaren 3an ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin egingo ditu bereak. Eragile hauek omenaldia egingo dute monolitoan 17:00etan, eta 18:30ean Katedral Berritik manifestazio bat egingo dute. Otsailaren 28an, berriz, biktimen omenezko ekitaldi bat antolatu dute Europa Jauregian, 19:00etan. Edukiera mugatua dela ohartarazi dute, eta, hortaz, "egoera ulertzeko" eskatu diete aretoa bete ondoren ekitaldira sartu ezingo direnei. Alboko gela batean jarraitu ahalko da ekitaldia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago