Euskal Herriko Mugimendu Feministak irmoki arbuiatu egin du Bilbon iragan otsailaren 9an aurkeztu den Coordinadora 8M. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izeneko taldearen sorrera bera eta egindako adierazpenak. Mugimendu feministaren ibilbidearen kontrakoa izateaz gainera, koordinadora berria "putofoboa" eta "transbaztertzailea" dela esan dute.
Salaketa kaleratu duten Euskal Herri osoko ehundik gora eragileen artean daude, besteak beste, Aiaraldeko Gazte Feministak, Amurrioko Emakumeon* Sarea, Arabako Emakumeen Asanblada, Arabako Errioxako Asanblada Feminista, Errotik Gasteizko Ikasle Feministak, Gasteizko Mugimendu Feminista, eta Lautadako Mugimendu Feminista.
Erakunde berria "etika feministaren" kontra kokatu dute, mugimendu feministak "mende erdi baino gehiagoan" ondutako espazioak, egindako aliantzak, izandako eztabaidak, eta erabilitako estrategiak ez dituelako errespetatu.
Halaber, Coordinadora 8M-k puten kontra egindako diskurtsoa gaitzetsi dute. "Euskal Herriko Mugimendu Feminista ez da putofoboa, sexu lana lana dela defendatzen dugu, eta sexu langileek eskubideak behar dituztela ozen aldarrikatzen dugu haien borrokak babestearekin batera".
Era berean, mugimendu feminista ez dela trans baztertzailea eta askotariko subjektuek osatzen dutela aldarrikatu dute. "Kategoriak ez ditugu modu esentzialean ulertzen eta inork ez ditu ukatzen kategoria eta subalternitate bakoitzak jasaten dituen indarkeria eta zapalkuntza propioak", azpimarratu dute.
Adierazi dute horregatik guztiagatik lanean jarraituko dutela, "beste mundu eta herri bat feminismotik eraikitzen", eta hurrengo asterako asanbladaz asanblada antolatzen ari direla martxoaren 8ko mobilizazioak.