Lehen fasea amaituta, hamabi bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetara

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 24a

Lehen faseko azken saioan, Izarran, Maddi Agirrek lortu du puntu gehien. Argazkia: Bertsozale elkartea

Martxoaren 7an eta 14an jokatuko dira finalaurrekoak, Dulantzin eta Aramaion, hurrenez hurren. Bi saio hauetatik aterako dira 28an Gasteizko finalean arituko diren sei bertsolariak.

2026ko Arabako Bertsolari Txapelketak, XVII. edizioak, aurrerapauso garrantzitsua eman du asteburuan, Izarran jokatu baita lehen faseko azken saioa. Maddi Agirrek irabazi du bertan, eta horrekin batera eskuratu du finalaurrekoetarako txartela. Aurretik, Aroa Arrizubietak Oionen eta Peru Abarrategik Laudion lortu zuten fasea gainditzea.

Txapelketa aurtengoan hemezortzi bertsolarirekin abiatu zen. Oion, Laudio eta Izarra izan dira lehen faseko hiru geltokiak, eta guztira hamabi bertsolari sailkatu dira hurrengo fasera.

Sailkatuak, puntuazioen arabera:

1- Aroa Arrizubieta Barredo - 269.00
2- Martin Abarrategi Sarrionandia - 256.00
3- Peru Abarrategi Sarrionaindia - 251.50
4- Asier Otamendi Alkorta - 251.00
5- Maddi Agirre Epelde - 251.00
6- Xabi Igoa Eriz - 249.00
7- Iñaki Viñaspre Simon - 249.00
8- Sabin Abarrategi Sarrionandia - 243.50
9- Ekaitz Samaniego Curiel - 241.00
10- Danel Herrarte Nafarrate - 239.50
11- Unai Anda Delika - 238.50
12- Andere Arriolabengoa Bengoa - 236.50

Kanpoan geratu dira Aitor Ugarte, Rikardo Gonzalez de Durana, Eli Zaldua, Hegoi Amabizka, Felipe Zelaieta eta Manu Bendala.

Finalaurrekoak: bi saio

Lehen fasea amaituta, bi finalaurreko jokatuko dira martxoan zehar. Lehena Dulantzin, martxoaren 7an, 17:30, kultur etxean. Bertan lehiatuko dira Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Ekaitz Samaniego, Iñaki Viñaspre, Maddi Agirre eta Unai Anda.

Aramaion izango da bigarren saioa, sei bertsolari aramaioarrekin. Martxoaren 14an, 17:30ean, Aramaioko kultur etxean, bertsolari hauek izango dira oholtza gainean: Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa.

Bi finalaurreko hauen ostean erabakiko da zein sei bertsolari igaroko diren finalera. Martxoaren 28an izango da 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizen, Europa jauregian jokatuko da. Han erabakiko da aurtengo txapelduna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago