Errusiar inbaditzailea "ez saritzeko" eskatu dute

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 23a

Ukrainan "genozidioa" gelditzeko eskatu dute errefuxiatuek. Argazkia: UKRAINA EUSKADI ELKARTEA

Ukrainaren inbasioaren laugarren urteurrenean, bahitutako haurrak itzultzeko eta Errusiar Federazioaren aurkako zigor eraginkorrak eskatu dituzte ukrainar errefuxiatuek.

Dozenaka lagun bildu dira igandean Gasteizen, duela lau urte Errusiar Federazioak Ukraina inbaditu zuela gogoratzeko, Genozidioari stop, askatasuna izenburuko pankarta batekin. Bertan antolatzaileek salatu dute errusiarrek urte hauetan guztietan 35.000 haur ukrainar "lapurtu eta indarrez deportatu" dituztela. Horietako asko errusiar familiei behartutako adopzioan eman dituzte, edota berreziketarako zentro militarretara eraman dituzte, bertan "doktrinatze ideologikoa eta beren identitate eta hizkuntzaren ezabatzea" nozitzen dutelarik. Horiek "berehala bueltatzeko" eskatu dute.

Inbaditzailea "ez saritzeko" eskatu dute ere Ukraina-Euskadi elkartean bildutako errefuxiatuek eta herrialdearekiko elkartasunaren alde parte hartzen duten gainerako kideek. Errusiar Federazioak erasoa gelditzeko jarritako baldintzen aurrean, "inbaditzailea gelditu ezean, gerra Europa osora zabaldu daitekeela" ohartarazi dute. "Hamabi urtetan Errusiak konkistatu ezin izan duen lurraldea lagatzeak ez du bakea ekarriko: oztoporik gabe aurrera jarraitzeko eta erasoarekin jarraitzeko tranpa bat" dela diote.

Horren aurrean, aldarrikatu dute irtenbide bakarra dela Errusiak erasoarekin jarraitzeko gaitasuna gal dezala: "Zigor ekonomiko eraginkorrak, bere gerra makinaria finantzatzen duen merkataritzaren blokeoa eta Ukrainari laguntza irmoa". 

Gasteizen kasuan —Bilbon eta Donostian ere egin dute protesta—, Nerea Melgosa Justizia sailburua eta Miren Fernandez de Landa Gasteizko Gobernu Irekiko zinegotzia egon dira euskal erakunde publikoen izenean herri ukrainarrari elkartasuna adierazten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago