Kopa txapelketa beti izan du gogoko Baskoniak, baina iritsi ezinda ibili da talde gasteiztarra azken urteetan. Azken bost edizioetan birritan bakarrik sailkatu ahal izan da Baskonia Kopa final-laurdenetarako. Azken asteetan aldiz, taldea sasoiko zegoela erakutsita, Galbiati entrenatzaileak ilusioa berreskuratzea lortu zuen Valentziara bidaiatu aurretik. Halere, beste talde sendo asko izan dira lehian aurtengo Kopan, eta gehienek zeukaten faborito izaera Baskoniaren aurretik. Barcelona, Valentzia... edo azken hamahiru urteetan hamabi aldiz finalean izan den Real Madril, esaterako.
Gaurkoan ere Real Madril faboritoa izan du finalean aurkari Baskoniak, eta lehen minutuak ikusita are nabariago utzi dute madrildarrek ondo ezagutzen dutela ofizioa. Hamar puntuko aldea eskuratu dute Scarioloren mutilek konturatu orduko. Baina Galbiatik Baskoniaren izaera berreskuratzea lortu du, eta amore ez ematen erakutsi die taldea osatzen duten jokalari gazteei. Taldeko inork ez du gaur arte Kopa bat irabaztea zer den ezagutu.
Gainera, min hartutako jokalari ugari zituen Baskoniak, eta taldeak bazekien barne jokoan ahulezia nabariak pairatu beharrean izango zela. Are gehiago Europako dorre sendoenetako bat parez pare zutela jakinda, Tavares erraldoia. Baina gabezia horiei aurre egin, eta kementsu jokatuta, partida guztian parez pare lehiatzea lortu dute gasteiztarrek.
Beste askotan ez bezala, minutu erabakiorretan Real Madril aise gainditu dute Galbiatiren mutilek, eta bertaratutako zaletu guztien gozamenerako Kopa Gasteizera ekartzea lortu dute azkenik.