Eskuin muturraren aurrean justizia soziala aldarrikatu dute hainbat eragilek Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 20a

Kapitalismoak eta neoliberalismoak giza duintasuna merkantilizatzen dutela salatu dute. Argazkiak: Ekaitz Anda / ALEA

Justizia sozialaren egunean IAKn egin dute adierazpen bateratua Euskal Herri osoko dozenaka eragilek. Neoliberalismo merkantilizatzailearen aurrean antolakuntza intersekzionala proposatu dute. 

Dozenaka eragile sozial, sindikal eta herri mugimenduko kolektiboren izenean bildu dira gaur goizean Izaskun Arrue Kulturgunean, eta bertan aurkeztu dute 2026ko Justizia Sozialaren Mundu Egunaren baitan Euskal Herritik egindako adierazpena. Sinatzaileek gaur egungo "bidegurutze politiko eta ideologikoa" jarri dute erdigunean, eta eskuin muturraren zein politika neoliberal globalen eragina salatu dute, justizia sozialaren kontzeptua "ito" dutelakoan.

Adierazpenaren arabera, neoliberalismoak eta kapitalismoak "giza duintasuna merkantilizatzen" dute, eta sistemak berak sortzen dituen kolektibo zaurgarrienak zapaltzen dituzte. Arrazismoa, estaturik gabeko nazioen eta hizkuntza gutxiagotuen zapalkuntza, sexismoa, LGTBIQ+fobia, kapazitismoa eta bestelako intolerantzia formak "kolonialismoaren eta botere ekonomiko globalen" ondorio gisa kokatu dituzte sinatzaileek.

Intersekzionalitatea ardatz

Testuak nabarmendu du Euskal Herriko herri mugimendu askoren jardunean oinarrizkoa izan dela zapalkuntzen jatorria bistaratzea eta ikuspegi intersekzionala lantzea. Zapalkuntzak "ez direla isolatuta ulertu behar", baizik eta sistema beraren aurpegi desberdin gisa.

Horregatik, sinatzaileek konpromisoa hartu dute "sistema politiko, ekonomiko eta juridikoak sortzen dituen azpiratzeak salatzeko", eta justizia soziala denontzat exijitzeko. Herritarrei ere dei egin diete botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean "ahots kolektibo eta antolatua" eraikitzeko. Adierazpenak hainbat eskubide eta borroka lerro jarri ditu mahai gainean:

- Baliabiderik ez duten pertsonen gutxieneko bizi baldintzak bermatzea.  
- Pertsona migratuen eskubideak aitortzea.  
- Emakumeen* ahotsa eta aldarrikapenak entzunaraztea.  
- Pertsona transmaribibolloen eskubideak gauzatzea.  
- Sexu, genero eta sexualitate disidentzien askatasuna bermatzea.  
- Krisi ekosozialari eta bizi kalitateari arreta jartzea.  
- Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzea.  
- Desgaitasun egoeran dauden pertsonen autonomia eta duintasuna indartzea.  
- Errepresio politikorik gabeko bizitza aldarrikatzea.  

Testuak azpimarratu du borroka horiek guztiak "elkarren ondoan eta ez inoren gainetik" egin behar direla, eta identitate zapalduak agerian jartzea ezinbestekoa dela, betiere borroka unibertsal eta intersekzional baten baitan. Sinatzaileen esanetan, elkartasuna "eguneroko erresistentziaz eta elkar zaintzaz osatutako praktika" da, eta ezinbestekoa izango da etorkizuneko Euskal Herri librea eraikitzeko. Euskararen garrantzia ere azpimarratu dute bereziki. "Euskal Herria herri bizia, anitza eta justua izango da —eta euskara izango da bere bihotz-taupada—, edo ez da izango", amaitu dute adierazpena.

Sinatzaileak

Adierazpena honako eragileek sinatu dute: AEK, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua, Altxalili, BAM, Bilgune Feminista, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Eginaren Eginez, EHE, EHGAM Bilbo, Ekologistak Martxan, Elkuirtruke, Errigora, Ernai, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herriko Gazte Feministak, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Ikama, Jauzi Ekosoziala, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, Lumagorri, Loratuz Lotu, Ostia kolektiboa, Plazara, Reperkusión Feminista Batukada taldea, ELA, ESK, LAB eta Steilas.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago