EHUko errektoretza taldeak prebentzio plan zorrotza iragarri du datorren otsailaren 23rako Arabako campusean, Vox alderdiak Farmazia fakultatearen aurrean antolatu duen ekitaldiak eragindako egoeraren aurrean. Erabiliko den eremu publikoa Gasteizko Udalarena izan arren, unibertsitateak segurtasuna bermatu eta "totalitarismoari hesia" jartzea erabaki du. Erakundeak azpimarratu duenez, unibertsitatearen zeregina da balore demokratikoak eta eskubide zibilak babestea, "printzipio horiek ukatzen dituzten diskurtsoen aurrean jarrera irmoa hartuz".
Gatazka egoerak saihesteko eta komunitatea babesteko, EHUk irakaskuntza guztia online egitea erabaki du egun horretan. Irakasle zein administrazioko langileei telelana lehenesteko deia egin zaie, eta Esperientzia Geletako saioak erabat bertan behera geratuko dira. Horrez gain, segurtasun neurri fisikoak ere ezarriko dituzte: eraikinetako sarrera nagusiak itxi egingo dira eta unibertsitateko aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo.
Errektoretzak bidalitako mezuan argi utzi nahi izan dute neurri hauen helburua unibertsitatea "kanpoko gatazka batean nahastuta" ez geratzea dela. EHUren arabera, erantzukizun instituzionalak behartzen ditu pertsona guztien zaintza bermatzera eta unibertsitateko printzipioak mehatxatzen dituzten mezuen aurrean muga bat jartzera.