Datorren larunbatean, otsailaren 21ean, Arabako nekazaritzako eta gizarteko hainbat eragilek manifestazioa deitu dute Gasteizen, EBren eta Mercosurren akordioaren aurka. Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Bilbo plazatik, eta lehen sektorearen desarautzea eta transnazionalen nagusitasuna salatuko dute, "Arabako elikadura burujabetza arriskuan" dagoela ohartaraziz.
Deitzaileek azpimarratu dute itun honek osasun segurtasuna kolokan jartzen duela, Europan debekatuta dauden pestizida, transgeniko eta hormonei ateak irekitzen dizkietelako. Nahiz eta kontrolak egongo direla agindu, eragileek salatu dute Europako Batasunak ez duela bitarteko nahikorik inportazio horiek zaintzeko, eta horrek herritarren osasuna eta tokiko produktuen kalitatea kaltetzen dituela.
Ingurumenari dagokionez, akordioak klima krisia sakontzen duela diote, merkantzien garraio transatlantikoak CO2 isuriak izugarri handitzen baititu. Salatu dutenez, erakundeek "jasangarritasunaz" hitz egiten duten bitartean, "lurraldearen suntsipena eta landa eremuen industrializazioa" sustatzen duten politikak bultzatzen dituzte, "makroproiektuen bidez naturaguneak arriskuan jarriz".
UAGA, Ataca, Bionekazaritza eta Araba Bizirik erakundeek deitutako manifestazioak EHNE Konfederazioa, EHNE Bizkaia, ENBA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, CGT eta CNT sindikatuen babesa dauka, baita Zuia Naturala, Herrizoma Elikadura Sarea, Zigoitiko eta Ozetako ekonomatoak eta osasun komunitarioaren aldeko Kukuso Taldearena ere. Arabako Batzar Nagusietan gaiari buruzko eztabaida politikoa egon arren, deitzaileek ezinbestekotzat jotzen dute kalean presioa egitea, alderdi politikoen "oportunismoa" saihesteko eta "Arabako lurraldearen nahiz lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko".