Arabako 255 adineko pertsona batu dira Gurutze Gorriak eta Amancio Ortega Fundazioak martxan jarri duten Voces en Red izeneko egitasmora. Proiektuak ahots laguntzaileak eta aurrez aurreko laguntza uztartzen ditu, teknologia "zubi gisa erabiliz pertsonak berriro komunitate ingurunera txertatzeko". Ekimenaren bitartez, "berrikuntza teknologikoa eta boluntarioen berotasuna" uztatu nahi izan dutela adierazi dute sustatzaileek, bakardade ez-desiratuari aurre egitea xede. Bakardade hori "gure gizartearen erronka isil eta larrienetakoa" bihurtu dela ohartarazi dute.
Batetik, ahots laguntzaile bat paratzen dute adinekoen etxebizitzan, konektibitatea eta segurtasuna indartzeko. Bestetik, laguntza presentzialeko "sare zabal bat" aktibatzen dute, "makina pertsonarengana iristeko zubia besterik ez dela bermatzeko".
Antolatzaileak konturatu dira adineko askok "errezelo naturala" dietela teknologia berriei, eta hori da, hain zuzen, proiektua aurrera eramateko izan duten lehen oztopoa. Diotenez, interfaze bakarra erabiltzeak asko lagundu du beldur hori uxatzen.
Besteak beste, bideo deiak emateko aukera ematen du, mediku oharrak programatu eta entretenimendua emateko. Argi dute helburua ez dela "adinekoak etxean geratzea laguntzaile birtual batekin hitz egiten"; kontrara, "kalera irtetea eta sozializatzea" bermatu nahi dute. Besteak beste, Gurutze Gorriaren zentroetara joanez.
Gurutze Gorriak ezagutzera eman dituen aduen arabera, EAE osoan 681 parte hartzaile daude dagoeneko, eta Espainia mailan, berriz, 25.000 adineko eta 15.131 boluntario. Araban, 255 gailu instalatu dira Gasteiz, Amurrio, Laudio, Kanpezu, Agurain, Alegria, Dura, Lapuebla de la Barca, Bastida, Lantarón, Legutio eta Gatzaga Buradonen. Hamabi boluntariok ematen dute laguntza proiektuaren bitartez.