Martxoak 3, egunkarien azaletatik

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 16a

Sei astez egongo da erakusketa, martxoaren 31ra arte, Ignacio Aldekoa kultur etxean. Argazkia: ALEA

Martxoaren 3an prentsak izan zuen funtzioa aztertzen duen 'Komunikazioa eta Memoria' erakusketa inauguratu dute, eta bi hitzaldirekin osatuko dute bilduma.

Martxoak 3 elkarteak Komunikazioa eta Memoria erakusketa inauguratu du gaur Gasteizko Ignacio Aldekoa kultura etxean, 1976ko sarraskiaren 50. urtemugako ekitaldien barruan. Prentsak gertaera haietan izandako funtzioa modu kritikoan aztertzea du helburu, memoria historikoa belaunaldi berriei hurbiltzeko asmoz. "Gasteizen gertatutako sarraskiaren oroimena gaurko belaunaldiei gogora ekarri nahi diegu, komunikazio eremutik aztertuta", azaldu du elkarteko kide Amaiur Arbek aurkezpenean.

Erakusketaren ardatza garai hartako kazeta garrantzitsuenen 25 azalek osatzen dute, lau multzotan banatuta: Euskal Herriko prentsa, Espainiako estatukoa, boteretik at zeuden argitalpenak eta nazioarteko oihartzuna. Bilduma honek agerian uzten du nola kontatu zen Gasteizen gertatutakoa munduan zehar. Gainera, Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztarraren irudi esanguratsuek eta berariaz editatutako ikus-entzunezko labur batek osatzen dute bilduma. 

Azalekin batera, bisitariek garaiko objektu bitxiak aurkituko dituzte erakusketan, hala nola albisteak, liburuak eta bestelako gogoetak. Eduki guzti hauek sakonago ezagutzeko, antolatzaileek bisita gidatuak antolatu dituzte asteazkenero, euskaraz zein gaztelaniaz. Taldeak gehienez hamabost lagunekoak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena proiektuaren webgunean. Kultura etxeak ohiko ordutegian hartuko ditu bisitariak: astelehenetik ostiralera (9:00-14:00 eta 16:00-20:00) eta larunbat goizetan (9:00-13:30).

Mahai inguruak

Erakusketaz gain, bi mahai inguru egingo dituzte otsailaren 18an eta 25ean, 19:00etan. Lehen saioan, 1976an lanean ari ziren kazetariak gaur egungo berriemaileekin arituko dira solasean, informazioaren bilakaeraz hausnartzeko; Jose Antonio Abasolo, Javier Arteta, Amparo Lasheras eta Begoña Martin izango dira hizlari. Bigarren jardunaldian, berriz, orduko hiru langilek hartuko dute hitza, asanbladek zuten balio soziala eta komunikazioaren garrantzia herri mugimenduan azpimarratzeko; Rosi Iñigo, Arturo Val del Olmo eta Txato Soubies izango dira hizlari.

Ekimen hau azken sei hilabetetan elkarteko zeinbait kidek eta Gasteizko komunikazio alorreko zenbait profesionalek egin duten elkarlanaren emaitza dela gogoratu du Txema Ramirez de la Piscina kazetariak, "bizirik" jarraitzen duen gai baten inguruan. "Komunikazioaren memoria inoiz baino beharrezkoa da bizi garen albiste faltsuen garai honetan, egiaren etsaiarik handiena ez baita gezurra, desmemoria baizik". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago