Abeltzaintzan erabiltzeko moduko larretan eguzki panelek duten eragina aztertzeko Neikerrek egindako ikerketa batek ondorioztatu du egitura hauek ematen duten itzala onuragarria dela ardientzat, artaldeari atseden hartzea eta eguzkia dagoenean ere larrean jarraitzea ahalbidetzen diolako.
Lehen sektorea ikertzen duen euskal erakundeak zabaldutako informazioaren arabera, gaia ikertzeko esku artean duten proiektuaren lehen emaitzek erakutsi dute ardiek "maiz" erabiltzen dituztela panelak gerizpe gisa bero den orduetan.
Europako Batasunak sustatutako Agripower proiektuaren barruan egin duten ikerketa da, egitura fotovoltaikoek animalien jokabidean eta ekosisteman duten eragina aztertzeko abiatutakoa. Proiektuak 1,8 milioi euroko aurrekontua du.
Iazko apiriletik daukate Arkautiko egoitzan unitate agrovoltaiko esperimental bat, eta horretaz baliatzen ari dira gaia ikertzeko. Diotenez, 8.000 metro koadroko instalazioa Espainian dagoen halako unitate esperimentalik handiena da.
Artaldearen portaera aldatu dela egiaztatu dute, ardiek egitura horiek hobesten dituztelako, zuhaitzen aldean. Modu berean, itzalek eragina izan dutenez lurzoruak jasotako irradiazioan, tenperaturan eta hezetasunean, aztertzen ari dira zer nolako aldaketak izaten diren lurzoruaren osasunean.
"Frogatu da gerizpe artifizial horiek eraginkorrak direla animalien oreka termikoa hobetzeko. Aberaste espazial hori onuragarria izan liteke haien ongizatearentzat", adierazi du proiektuko ikertzaile Nerea Mandalunizek.