Pobrezia energetikoa salatzeko mobilizazioa deitu dute otsailaren 19an

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 13a

Salatu dutenez, hainbat familiak sufritzen dute energia eskasia Araban. Argazkia: Freepik

Energiaren negozioa salatu eta baliabideen antolaketa ezberdina aldarrikatu dute hainbat eragilek. 

Gasteiz eta Arabako hainbat eragilek pobrezia energetikoaren aurkako mobilizazioa deitu dute otsailaren 19rako. Araba Bizirik, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Etxebizitza Sindikatua, Auzoan Bizi eta Inor ez etxerik gabe taldeak elkartu dira aldarrikapen honetan, bakoitzak bere aletxoa jarrita irakurketan, pobrezia energetikoak denei eragiten diela argudiatuta.

"Egunero ikusten dugu nola Gasteizen familia askok aukeratu behar duten jatearen eta berogailua piztearen artean, nola adineko pertsonek negua gela batean sartuta igarotzen duten, ez dutelako etxe guztia berotzeko dirurik". Abiapuntu hori jarri du Inor ez etxerik gabe plataformak, arazoaren ondorioetako bat azaltzeko. Gainerako eragileek ere ohartarazi dute jende askori eragiten diola arazo honek, eta energiaren negozioan jarri dute begirada.

"Pobrezia energetikoa ez da salbuespena Gasteizen, oinarrizko eskubide bat negozio bihurtzen duen ereduaren ondorio da", dio Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak. "Inork ez luke bere duintasuna urratua ikusi beharko ezin izateagatik argia edo gasa ordaindu". Politika publikoak exijitu dituzte, energiara sarbide unibertsala bermatuko dutenak, inolako bazterketarik gabe, "bizitza duinaren hasiera delako baldintza duinetan bizi ahal izatea".

Egoera hau mantentzen den bitartean, Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez "gutxi batzuek aberasten jarraituko dute gure kontura, eta langile klasearen geruza gero eta zabalagoak miseriara kondenatuko gaituzte". Horren aurrean, gizarte berri bat eraikitzeko beharra aldarrikatu dute, "baliabideak kideen beharretan oinarrituta planifikatuko dituena". Estatu sozialista aldarrikatu dute berme bakar gisa, "baliabide energetiko kalitatezko, doako eta unibertsalak" izateko.

Pobrezia energetikoa ez da istripu bat, Auzoan Bizi etxebizitza sareko kideen ustez, "baizik eta espekulazioa bizitzaren aurretik lehenesten duen negozio baten emaitza". Etxebizitzen prezioa, isolamendu txarrak eta berrikuntza falta salatu dituzte, etxejabeen utzikeriaren sinbolo gisa. "Horrela, higiezinen merkatuak energia luxu bihurtzen du, eta etxebizitza desberdintasun iturri".

Inor ez etxerik gabe taldetik salatu dute udal baliabideak gainezka daudela, "konpainia elektrikoek irabazien errekorrak dituzten bitartean urterik urte". Iberdrolaren kasua aipatu dute, "5.472 milioi euro irabazi zituen 2024an. Diru hori gure poltsikoetatik ateratzen da, gu hotzez gauden bitartean". Udal baliabideak eskatu dituzte, "pertsonak hotzetik babesteko, behin eta betiko". 

Energia eta lurra

Otsailaren 17a da pobrezia energetikoaren eguna, eta egun hori aitzaki hartuta deitu dute mobilizazioa Gasteizen otsailaren 19rako. Arka plazan elkartzeko deia egin dute, 19:00etan. Araba mailan energia eta lurraren defentsa nola uztartzen diren ohartarazteko hitzak ere izan ditu Araba Bizirik taldeak.

Foru gobernuari kritikak egin dizkio azken honek. Enpresa energetiko erraldoiak "beso zabalik" hartu izana leporatu dio aldundiari, eta haiekin kolaborazio estuan aritu izana, "lurraldea pribatizatuz, arpilatuz, txikituz; energia berriztagarrien garapena, deskarbonizazioa, larrialdi klimatikoaren aurkako borroka eta halakoak argudiatuz".

Mozkinak maximotzea helburu bakar dutela salatu dute lurraren defentsako plataformatik, "eta beti bezala, lurraldeko jende xumeak ordaintzen du faktura". Administrazioaren laguntza eskatu dute, "aberatsen eta pobreen arteko arrakala gero eta handiagoa" den honetan, biztanle guztiak eta bereziki zaurgarrienak babestu beharko lituzketelako instituzio publikoek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago