90 urte eta gero, Francori eta Molari ohorezko sariak kendu dizkiete

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 11

Gaurko batzar nagusietako batzarrean erabaki dute tituluak kentzea. BBNN

Arabako Batzar Nagusietako alderdi politiko guztiak, Vox izan ezik, tituluak kentzearen alde agertu dira.

Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Mola 1936ko altxamendu militarraren buruzagiari ohorezko sariak kentzea erabaki dute gaur Arabako Batzar Nagusiek. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Araba taldeek aurkeztu zuten titulu horiek kentzeko foru arau proposamena, Arabako Foru Aldundiak aldeko irizpidea eman zuen, eta alderdi politiko guztiek, Vox izan ezik, berretsi dute gaur proposamena.

90 urtez mantendu dituzte titulu horiek buruzagi frankistek. Izan ere, 1936an, de facto eratutako diputazio probintzial batek, zilegitasunik gabe, Franco diktadoreari eta Mola militar frankistari Probintziako Aitaren titulua ematea erabaki zuen. 1944an, probintziako junta batek Ohorezko Diputatu Nagusiaren titulua ere gehitu zion Francori eta bi sariak berretsi zituen.

Arabako Batzar Nagusiek gaurko ekitaldian onartu dutenez, "de facto erakundeek 1936an eta 1944an foru sari horiek erabili izana tradizioaz sinbolikoki jabetzeko ahalegina izan zen, praktikan itun eta errespetu instituzionalaren foru balioen antitesia zen erregimena legitimatzeko". Tituluak bertan behera uzteko arauak gogorarazten duenez, Araban, karguen izaerari eta ohorezko sariei dagokienez, Probintziako Aita eta Ohorezko Diputatu Nagusia dira lurraldeko aintzatespen zibilaren mailarik gorena, eta historikoki askatasunen defentsan eta kontserbazioan nabarmendu direnei erreserbatzen zaizkie.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago