Alderdi Popularrak egindako ekimen batean oinarrituta, ehizak "gizarteari egiten dizkion ekarpenen gaineko dibulgazioa" egiteko erdibideko mozioa adostu dute PP, PSE-EE eta EAJ alderdiek. Astelehenean izandako Nekazaritza Batzordean egin dute gaiari buruzko eztabaida, eta handik atera da hiru alderdiek sinatutako mozioa.
Mozioaren lehen bi puntuak asmo deklarazioetan geratzen dira. Izan ere, lehenak eskatzen du aldundiak jarrai dezala ehiza eta arrantza jarduerak "antolatzen, arautzen eta kudeatzen". Bigarrena bide beretik doa, bertan esaten baita jarraitu beharra dagoela espezieak "babesten, kontserbatzen eta sustatzen". Hirugarren puntuan, berriz, berariaz aurreratu dute Nekazaritza Sailari eskatuko diotela 2026. urtea bukatu baino lehen ehizaren aldeko kanpaina egiteko.
Zehazki, gobernuan dauden alderdien zein popularren aldeko botoak ziurtatuta, aldundiak ehizak dituen "alde positiboak" babesteko "ekitaldi sorta bat" antolatu beharko du foru erakundeak. Nabarmenduko dituzten arloen artean egongo dira "landa garapenean duen garrantzia" eta ehiztariek "biodibertsitatearen eta lurraldearen kudeaketan duten inplikazioa".
Mozioak ez du zehaztu jardun instituzional hori eskoletara eramango ote duten, PPren hasierako proposamenean berariaz hezkuntza alorrera eramateko beharra aipatzen baitzuten. Aurreko ekimenetan, popularrek sektorean dagoen "errelebo faltagatik" kezka agertu dute.
Mozioa babestu ez duten taldeei dagokionez, EH Bilduko Endika Saenz de Adanak ziurtatu du haren alderdia ez dagoela "inondik inora ehizaren kontra", baina baina orain jarduera hori sustatzea ez dutela ikusten "lehentasun bezala". Elkarrekin Arabako Jose Damian Garcia-Morenok, berriz, ordezko zuzenketa bat babestu du; haren esanetan, ehizaren "sektore batzuetan" gertatzen ari diren praktikak "zuzendu" behar dira, "espezieekiko errespetua, animalien ongizatea eta ingurumenaren zein animalia osasunaren zaintza" ziurtatuz.