⛅ EGURALDIA

Tenperaturari eutsita

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 11

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Frontez fronte jarraituko dugu, gurean oraingoan horrenbesteko eragina ez badute ere: hodeitza mantenduko da. 

Asteazkenak ez du harekin batera aldaketa larregirik ekarriko, zeru hodeitsu edo oso hodeitsuekin jarraituko dugulako. Horrez gain, zaparrada txikiak botako ditu egunean zehar, eta hego-mendebaldeko haizea temati mantenduko delako, ahul-bizi eta bolada gogorrekin. Atzo hasitako tenperaturen gorakada bere horretan geratuko da momentuz, hiriburuan 10 eta 16 gradu arteko alde termikoa ziurtatuz.

Badirudi ostegunekin batera menia txikia izango dugula, egun horretan zerua tarteka hodeitsu geratuko baita, argi zirrikituez gozatzeko aukera emanez. Halere, arratsaldearekin batera euri txikia etor daiteke ere. Haize indartsua egongo da —abisu horia eman du Euskalmetek hori dela eta, eta kostalderako alerta laranja ezarri du ere—, oraindik hego-mendebaldean finkatuta. Tenperatura minimoak beheranzko joerari ekingo diote, baina goiko koskan oraindik mantentzeko moduan egongo dira, 7 graduan hasi eta 15era iristeraino.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago