Martxoaren 3an mende erdi beteko da Poliziak Gasteizen bost langile hil zituenetik, eta urteurren honen harira, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek egitarau betea prestatu dute. M3moria. Antolakuntza. Borroka lelopean, 1976ko biktimak gogoratzeaz gain, urte hartako grebetan ezinbestekoak izan ziren emakumeen lana eta gaur egungo langile klasearen borrokak uztartuko dituzte. Memoria historikoa "etorkizuneko justizia soziala eraikitzeko tresna" gisa aldarrikatuko dute, egia eta erreparazioa exijituz.
Ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira, bi agertoki sinbolikotan. Lehena 17:00etan hasiko da Martxoaren 3ko monolitoaren ondoan, 1976an Polizia Armatuak batzarra indarrez akabatu zuen ordu berean. Omenaldi honetan esker ona adieraziko zaie monolitoa eta plaka jarri zituzten langileei; izan ere, antolatzaileek gogorarazi dutenez, gaur egun erakundeek babesten badute ere, "urte luzez ahaztutako eta behin eta berriz kendutako ikurra" izan zen herritarren kemenari esker soilik iraun duena.
Bigarren hitzordua 18:30ean abiatuko da Katedral Berriaren paretik. 1976ko hileta jendetsuak gogoratu nahi dituzte bertan. Urtero Zaramagatik hasi ohi den manifestazioa egin beharrean, "mobilizazio handi batek" hartuko du Katedral Berria eta Andre Maria Zuriaren arteko espazioa, eta plazan izango da eguneko ekitaldi nagusia, hainbat artistaren emanaldiekin eta hitzartzeekin.
Antolatzaileek, gainera, Martxoaren 3ko borroka martxoaren 8ko greba feministarekin eta martxoaren 17ko greba deialdiarekin lotu dute. Azken honen bidez, Lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eta pentsio duinak exijituko dituzte, 1976ko langileek egiten zuten bezala. Eusko Jaurlaritzaren jarrera "antidemokratikoa" salatu dute, 140.000 sinadura baino gehiago jaso dituen herri ekimen legegileari bidea itxi diolako, eta prekarietatearen aurkako "erantzun irmoa" emateko deia egin dute.
Azkenik, antolatzaileek elkartasun internazionalista ere plazaratuko dute, Palestinako genozidioa eta Venezuelaren aurkako eraso inperialistak salatuz. Segurtasunari dagokionez, Ertzaintzari eskatu diote beharrezko neurriak har ditzala "parte hartze askea eta indarkeriarik gabea" bermatzeko, "iraganeko polizia jarduera bortitzak berriz gerta ez daitezen".
