Alderdi Popularrak Batzar Nagusietan aurkeztutako mozio batetik abiatuta, azken hilabeteotan Irango erregimen teokratikoak bere kontra handitu diren protestei aurre egiteko errepresioa salatzeko adierazpen bateratu bat adostu ezinean dabiltza momentuz bertako talde politikoak.
Modu horretan, alderdiek errepresio horren gaineko jarrerak mahai gainean jarri dituzte, eta ikusteko dago gai horren bueltan adostasuna lortuko duten. Momentuz, herrialdean dagoen isiltasun informatiboa dela eta, kopuru zehatzik aipatzeko modurik ez dago; gaiaren inguruan nazioarteko erakundeek biktimen tarte zabala maneiatzen dute, 6.000-30.000 hildako inguru kalkulatuz, eta dozenaka mila zauritu eta atxilotu aipatuz.
Jatorrizko proposamenean, popularrek eskatu dute Irango herritarrekiko eta "bereziki" emakumeekiko "aitortza, laguntza eta elkartasuna" adierazteko. Modu berean, gaitzetsi dute erregimenak egindako edozein "errepresio, indarkeria edo giza eskubideen urraketa".
EH Bildu izan da jatorrizko mozioaren kontra zuzenketa aurkezteko lehen talde politikoa. Horretan, alderdi abertzaleak eskatu du "errekonozimendua, laguntza eta elkartasuna" adierazteko "emakumeen eskubideen" alde ari direnei, baina horri erantsi diote adierazpena egin behar dela "interes geopolitikoetatik salbu". Modu berean, Irango gobernuari eskatu diote Giza Eskubideen alorrean "sinatuta dituen" hitzarmenak errespetatzeko, eta, Irango erregimenak "bere biztanleen kontra egindako" errepresioa salatzeko. Berariaz aipatu dituzte fede jakin bateko emakumeak: baha'iak.
Elkarrekin Arabak, berriz, "laguntza eta elkartasuna" eskatu ditu protestan ari diren "emakume eta pertsona guztientzat", baina, aldi berean, bigarren puntu batean lortu nahi dute Batzar Nagusiek "gaitzetsi" ditzatela "AEB eta Israelen injerentzia politikak". Taldearen aburuz, herrialde horiek Mendebalde Hurbilean "beren kontrola eta hegemonia inposatu" nahi dituzte.
Foru Gobernuan dauden EAJ eta PSE taldeek, berriz, ordezko zuzenketa bateratua aurkeztu dute, eta bertan babestu dituzte Iranen egin izan diren "protesta baketsuak"; modu berean, "Irango erregimen teokratikoaren kudeaketa ekonomiko eta sozial negargarria" arbuiatu dute, eta gaitzetsi dute erregimenak "milaka herritar hil" izana "askatasuna eta bizi baldintza hobeak eskatzeagatik".