Latxa artilezko jantziak euskal eskilatzaileentzat

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 6a

Euskal selekzioa lehen aldiz lehiatuko da Munduko Txapelketa batean. Argazkia: AFA

Maria Cle diseinatzaile gasteiztarrak sortu ditu jantziak.

Arabako Aldundiak euskal eskilatzaileen selekzioak Munduko Eskila Txapelketan jantziko duen uniforme ofiziala aurkeztu du gaur. Txapelketa martxoaren 4tik 7ra bitartean egingo da Mastertonen (Zeelanda Berria), eta mugarri historikoa izango da, Euskal Herria bere selekzio propioarekin lehiatuko den lehen aldia izango baita nazioarteko hitzordu honetan. Uniformearen proiektua aldundiak, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) eta Maria Cle diseinatzaile gasteiztarrak sustatutako akordio baten emaitza da, eskilatzaileen lanbidea eta tokiko produktua mundu osoan ezagutarazteko asmoz.

Jantzien berezitasun nagusia erabilitako materiala da: ardi latxaren artilea. Maria Clek diseinatutako bildumak estilo garaikide eta dotorea eskaintzen du, "klixe tradizionaletatik urrunduz" eta lerro garbiak zein tonu soilak erabiliz. Noemi Agirre Nekazaritza diputatuak azpimarratu duenez, uniforme hauek "lurraldearen sustraiak eta nortasuna" ordezkatzen dituzte, eta tradizioa zein berrikuntza uztartzen dituzte, latxa artilea leku estetiko eta funtzional berri batera jasoz.

Kirol arloari dagokionez, zazpi kidek osatutako taldeak ordezkatuko du Euskal Herria Golden Shears World Championship lehiaketan, 28 herrialderekin batera. Mikel Etxebarria, Joseba Ugalde, Ipar Arrinda, Josu Ekisoain, Janire Artabe, Mikel Velasco eta Joseba Attard taldeburua izango dira enbaxadoreak. Selekzioko kideek eskerrak eman dituzte jasotako babesagatik eta munduko txapelketan egotea "amets bat" dela adierazi dute, lanbidearen eta artzaintzaren balioak nazioarteko eszenatokira eramateko prest.

Selekzioa otsailaren 8an abiatuko da Zeelanda Berrira, txapelketa hasi aurretik hiru asteko prestakuntza berezia egiteko helburuarekin. Ekimen honen bitartez, aldundiak lehen sektorea indartu eta tokiko baliabideen balio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa aldarrikatu nahi du. "Kirol erronkaz gain, proiektuak euskal landa nortasuna eta kalitatezko diseinua nazioartean proiektatzea lortu nahi dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago