Arkautin oposizioko azterketen filtrazio posibleak ikerketapean Gasteizko epaitegietan

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 5a

Arkautiko akademia, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia

Ertzain izateko ikastaroak ematen dituen akademia batek jarri du salaketa. Lehiakide batzuek "informazio pribilejiatua" zutela salatu dute, eta ikerketa abian da orain.

Ertzaintzaren Arkautiko akademiatik oposizioetako azterketetarako filtraziorik egin ote den ikertzen hasi da Gasteizko epaitegi bat. Ertzaingaiak prestatzen dituen akademia pribatu bateko jabeak jarri du salaketa, eta horrek abiatu du prozedura judiziala.

Ertzain eta udaltzain izateko azken lan eskaintza publikoan, aurreko udan egindako deialdian, hamar hautagaitik bederatzik ez zuten gainditu azterketa teorikoa eta psikoteknikoa. 650 lanpostu eskaini ziren, baina 3.609 hautagaietatik soilik 380k egin zuten aurrera.

Ertzainak trebatzeko bi akademia pribaturen arteko tentsioa handitu egin zen LEParen ostean, eta elkarri egindako akusazioak sare sozialetara ere zabaldu ziren. Azkenerako, Gasteizko akademia batek epaitegira jo zuen, lehiakideak "informazio pribilegiatua" izan zuela iritzita. Haren arabera, Arkautiko akademiako arduradunek azterketen inguruko datuak atera zituzten, eta horrek hautagai batzuei abantaila nabarmena eman zien. 

Salatzaileak "kartak markatuta" zeudela adierazi zuen, eta epaitegiak salaketa tramiterako onartu du, gertakari horiek oinarri nahikorik duten argitzeko. Bi akademietako jabeak, salatzailea eta salatua, bazkide izan ziren iraganean, baina gaur egun epaitegian aurrez aurre daude. Arkautiko akademiako zuzendari ohiak neurri zorrotzagoak ezarri nahi izan zituen azterketen zaintza katean, kargua utzi aurretik, filtrazio arriskuak murrizteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago