Minbizia dutenek arreta hobea izan dezaten programa bat aurkeztu du Arabako Minbiziaren aurkako Elkarteak, paziente eta senideekin partekatutako prozesu baten ondoren. Atzo ospatu zen gaitzari buruzko nazioarteko egunaren ostean, gaur pertsonez osatutako lazo berde handi bat irudikatu dute Gasteizeko Andre Maria Zuriaren plazan.
Diotenez, arta hori "humanoagoa" bihurtu nahi dute, oinarri hauetatik abiatuz: pertsonentzako arreta integrala emanez, pazienteen autonomia eta parte hartzea bultzatuz, arta emateko inguru berriak sortuz, eta osasun alorreko langileentzako ongizatea eta formazioa sustatuz.
Horrela, gaixoak eta horien ingurukoak "erdigunean" jarri nahi dituzte, onkologiaren alorrean "ikuspegi humanoa" txertatuz. Diotenez, gaitz luzea izan ohi da, eta nozitzen dutenek erabaki konplexuak hartu behar dituzte. Gaitzaren inpaktua pazientetik harago doa, bizitza pertsonalaz gain, lanean, familian eta inguru sozialean eragiten. Miren Bilbao elkartearen presidenteak nabarmendu du "sendatzea nahitaezkoa" dela, baina "pazientea zein bera zaintzen dutenak zaintzea ere funtsezkoa" dela.
Elkarteak gogora ekarri du egunean sei minbizi kasu atzematen direla Araban, gorantz doan joera batean. Izan ere, azken hamarkadan kasuak %20 handitu dira. Horren atzean dauden faktore nagusiak dira populazioaren zahartzea eta horren osasungarriak ez diren bizimoduen gorakada, elkartearen arabera.
Iaz elkarteak 1158 lagun artatu zituen, psikologia eta lan sozialeko 4247 sesiotan. Aurreratu dute aurten laguntza hori handituko dutela, besteak beste, Lezako Ospitalean eta Oiongo osasun zentroan astean behin zerbitzuak emanez. Gasteizen ere handituko dute arta, Olagibelen profesionalek gidatutako zerbitzua emango dutelarik, eta Txagorritxuko Kanpo Kontsultetan, berriz, boluntarioek emanak.