Arabako beste zazpi enpresa batu dira Eskuara proiektura

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 5a

Zazpi erakunde berri batu dira Eskuarara. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua da Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea.

Oreka IT,  RPK, Amets SL., Mekatxabir, Zaraobe eta Eraiken Lanbide Heziketako ikastetxeak eta Artomaña txakolindegia batu dira Eskuara proiektura. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez. Gaur goizean egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. 2025ean egindako lanen berri eman dute bertan, eta 2026rako dituzten asmoen berri ere bai.

Eskuara proiektua Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza sailak sustatzen dute. 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua da Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea.

Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Gaur batu diren Zaraobe eta Eraikin zentroekin Lanbide Heziketako zortzi ikastetxe ere badira Eskuara proiektuko kide, eta era horretan, ikasleek lan munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.

Askotariko urratsak

Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak: diagnostiko sinple baten bidez, enpresa bakoitzak bere aukerak eta beharrak identifikatu ditu, enpresa askok hizkuntza politika propioa definitu dute, eguneroko lanean txertatzeko, Euskararen mapak egin eta Euskaraldian parte hartu dute, Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa abiatu da, praktikaldiak eta langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira, webguneak, sare sozialak eta bezeroentzako materialak euskaratu dira. Euskararen Eguna, Euskara Tratuak eta antzeko ekimenak zabaldu dira.

Halaber, barne komunikazioa, kartelak eta lan ingurunea ere euskalduntzen ari dira.

Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu. Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu. Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago