Aberastasun lapurtua kontakizun laburren literatur lehiaketa aurkeztu dute, Mendebaldeko Sahararen okupazioari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko. Arabako SEADen lagunen elkarteak antolatu du ekimena, eta martxoaren 30a arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko epea. Sarien artean Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekura bidaia egiteko aukera eskaini dute.
Sahara, egin planto espoliazioari kanpainaren barruan aurkeztu dute ekimena. Lehiaketaren helburua da Saharar herria jasaten ari den baliabide naturalen espoliazioa salatzea, literatura tresna bezala erabilita. Espoliazio horrek, antolatzaileek azaldu dutenez, "lurrari, ekonomiari eta, batez ere, sahararren bizitza eta eskubideei eragiten die", izan lurralde okupatuetan zein errefuxiatu kanpalekuetan. Aurkeztutako lanek, kategoria edo hizkuntza edozein izanda ere, lotura izan behar dute Mendebaldeko Saharako ondasunen legez kanpoko ustiapenarekin.
Euskaraz zein gazteleraz idatzi daitezke kontakizunak, eta pertsona bakoitzak hiru lan aurkeztu ditzake kategoria bakoitzean. Lau kategoria daude, bi euskaraz, bi gazteleraz, adinaren arabera banatuta. 18-35 urte artekoentzat gazteen kategoria, eta 36tik gorakoentzat helduena. Edozein zalantza argitu nahi izanez gero, helbide elektroniko bat eta telefono bat jarri dituzte eskura: actuemoscontraelexpolio@saharaelkartea.org edo 945147853.
Kategoria bakoitzeko irabazleek beren lanak argitaratuta ikusteko aukera izango dute. Hiru hizkuntzatan argitaratuko da liburu bat, irabazleen lanekin, euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz. Gainera, Tindoufeko errefuxiatu kanpalekuetara bidaia irabaziko dute sarituek, 2026ko azaroaren 27tik abenduaren 5era izango dena, eta idazketa sortzaileari buruzko ikastaro bat emango da bertan. Parte hartzeko www.literatura.saharaelkartea.org webgunearen bidez egin daiteke.