Lehen greba eguna egin dute Arabako esku hartze sozialeko langileek

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 4a

Langileen egoeraren erantzuleak seinalatu dituzte manifestazioan. Argazkia: ALEA

"Jarraipen oso zabala" izan du bi greba egunetako lehenak, sindikatuen arabera. Mobilizazioen amaieran Ertzaintzarekin istilua izan da, eta grebalari bat zauritu dutela salatu dute. "Santa Agrebako koplak" abestu dituzte Gasteizko erdigunean.

Esku hartze sozialeko sektorean greba eguna izan dute gaur Araban, eta jarraipen "oso zabala" izan du, sindikatuen arabera. Lan hitzarmen duina eta sektore publikoarekiko parekatzea eskatzeko egingo dituzten bi greba egunetako lehena izan da gaurkoa, bihar ere badaude langileak grebara deituta. Gasteizko Bizan gehienak itxita egon direla azpimarratu dute deitzaileek.

Goizeko mobilizazioaren amaieran, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen kanpoaldean bilduta zeudela, istilua izan da grebalarien eta Ertzaintzaren artean. Pertsona bat identifikatzera joan dira ertzainak, eta jendea tartean sartu da. Poliziak borraz kolpatu ditu manifestariak, eta desegin egin da jada amaitzen ari zen elkarretaratzea. Manifestari bate gutxienez zauritu du oldarraldiak. "Ertzaintzaren karga onartezin eta justifikaziorik gabea" salatu dute sindikatuek. 

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela eta, horren "ardura duten erakunde nagusiak" zeharkatu dituzte goizean langileek lanuztean zehar, Aldundia, EAJren egoitza eta GOFEren bulegoak, esaterako. Urtarrilaren 21ean lanuzte partzialak egin zituzten esku hartze sozialeko sektorean, eta hurrengo pausoa izan dira egunotako greba deialdiak. Asteazken arratsaldean eta ostegun goizean ere irtengo dira kalera.

Ekiparazioa

Langileen eskaera nagusietakoa da sektore publikoan ari diren profesionalen baldintzekin parekatzea. Sindikatuek salatu dute azpikontratazioak soldata arrakala handia sortzen duela. Negoziazioetan, azaldu dutenez, 28 proposamen aurkeztu dizkiote AISA patronalari, horietatik hamarrek ez dute inolako kostu ekonomikorik, baina, hala ere, ez dute aurrera egin.

AISA patronalak, bere aldetik, argudiatu du zailtasunak dituela sektore publikoarekin baldintzak parekatzeko eta, gainera, sindikatuek salatu dutenez, "ez dela hori bere asmoa". Gasteizko Udalak zerbitzu minimoak ezarri ditu greba egunetarako, larrialdiekin eta ziurgabetasun bereziko kasuekin lotutako zenbait zerbitzutan.

Mila langiletik gora dabiltza Araban esku hartze sozialean lanean, eta milaka pertsonari ematen diete zerbitzua. Adineko pertsonekin, haur eta gazteekin, emakume zaurgarriekin, etxerik gabeko pertsonekin, osasun mentaleko arazoak dituztenekin, migratzaileekin eta mendekotasun edo adikzio egoeran dauden pertsonekin egiten dute lan, besteak beste.

Santa Agreba

Santa Ageda bezpera dela baliatuta, Santa Agrebako koplekin egin dute eskea Diputazio plazan:

1       
Santa Ageda bezpera dugu,
gaur ta bihar greba egunak
Lan baldintza duin batzuk denontzat
Guk aldarri ditugunak
Enpresa eta instituzioak
Dira aski ezagunak
Langileon eskubideen aurka
Patronalaren lagunak

2
Ekiparazioa nahi dugu
Daukagu gure eslogana
Erdi prezioan daukazue ta
Guk egiten dugun lana
Borroka bidez lortzea dugu
Lagile guztion plana
Azpikontrata denei kentzeko
Denon artean emana.

3
Entzungor jokatzen ari dira
Diputatu ta alkalde
AISA patronala txantajean
Eduki dugu bestalde
Bi_eguneko borrokan gaude
Gu goiz eta arratsalde
Makilak jo eta jo gabiltza  
Ekiparazioaren alde

4
Urtaran, Ernesto Sainz ta Lucho
Ta hainbeste artaburu
Entzun gu konponbidearen alde
Sendo, gogor, dihardugu
Sektore publikoko baldintzak
Gure aldarri ditugu.
Zuen borondatea aurka ere
Seguru lortuko dugu. 


5
Lan karga igo baldintzak jeitsi
Eros ahalmena galtzea
Eta enpresek gure kontura
Boltsikoak betetzea
Egoera hontaz nazkatu gara
Komeni da aldatzea
Horrexegatik borrokan dago
Gizarte esku-hartzea


*******

Santa Ageda bezpera dugu,
koplak dira gure arma,
duintasuna eta errespetua
baduzue zer emana. 

Amore eman behar dugula
Zuek ez zazue uste
Ekiparazioa nahi dugu
Ozen entzungo gaituzte

Grebara jo dugu behartuta,
beste aukerarik gabe,
lan-hitzarmen justua nahi dugu
eta hortan tinko gaude! 

Kalean gaude berriro ere
Eta ez dugu etsiko
Zaintza izan arte kalitatezko
Denontzat eta publiko

Jeltzale eta sozialistak
Zuek duzue ardura
zuenaren ordez begiratzeko
Jende xehearen onura

Hitzarmen gabe guk ezin dugu
Beste urtebete pasa.
Txantajerik ez, aurrean gaude
Hau lortuko dugu AISA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago